Rafael Gonzalez. Tobalinako alkatea

«Lanpostuetan eta zerga bilketan mesede egin diezaguke luzapenak»

Jon Rejado.
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearra ustiatzeko baimena luzatzeko aukera pozik hartu du Rafael Gonzalez Mediavillak, Tobalinako Ibarreko alkateak (Burgos, Espainia). Gogorarazi du, ordea, oraindik jakinarazpen ofizialik ez dagoela, eta «tentuz» jokatzearen alde egin du.

Nola hartu duzue Espainiako Gobernuak zentral nuklearra 2019ra arte irekita edukitzeko aukera?

Tobalinako Ibarreko Udalera ez da inolako jakinarazpen ofizialik heldu. Hori iristen den bitartean zuhur jokatu behar da.

Zer eragin izango luke ibarrean Garoña ustiatzeko baimena luzatzeak?

Lanpostuetan eta zerga bilketan mesede egin diezaguke, eta ez soilik gure ibarrean, eskualde osoan baizik, baita Arabako udalerri batzuetan ere. Luzapenak, ordea, CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren txostenetan egon behar du arrazoitua. Santa Maria de Garoña martxan egon dadin segurua dela bermatu behar dute.

Baina noizbait itxi beharko dute, eta lanpostu horiek gal daitezke.

Ibarrean inbertitu behar dela errepikatu dugu aspertu arte. Zentrala 2013an itxi eta lanposturik ez galtzeko plan bat abiarazi zuen aurreko Espainiako Gobernuak, baina ez zuen emaitza onik izan.

Zentralaren segurtasuna ezbaian jarri izan da, ordea, eta are gehiago Fukushimako zentralaren sistema berekoa dela jakin zenetik.

Fukushimakoaren ostean, Europako Batasunak Japoniako gertakari horiek errepika ez daitezen zehaztutako probak eskatu zituen, CSNk egin zituen, eta Espainiako zentral nuklearrak seguruak direla berretsi dute. Dena den, egia da hobekuntza batzuk eskatu dituztela.

Eztabaida, behintzat, egongo da herritarren artean.

Energia nuklearrarekin lotutako gaiei garrantzi handia ematen zaie ibarrean, nola ez. Dena den, zentralaren ondoan bizi izan gara urte askoan, eta berriak modu naturalago batean bizi ditugu. Energia mota horrekin bizitzera ohitu gara dagoeneko, eta ezustekorik ere ez dugu izan. Dena den, aldarrikatu dugu segurtasun nuklearreko planek gaurkotuak egon behar dutela, inoiz zerbait gertatzen bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.