Lantarongo udalerrian (Araba) Natur Gasek egin nahi duen ziklo konbinatuko zentral termikoak herritarren ezezkoa jaso zuen igandean, Arabako Kontzejuen Elkarteak (AKE) antolatutako herri galdeketan. Botoa eman zutenen %91 egitasmoaren aurka agertu ziren. AKEko presidente Javier Argoteren arabera, proiektua bertan behera uzteko denbora dago oraindik.
Añanako koadrilako 32 kontzejuetan bizi diren 2.936 lagunek izan dute botoa emateko eskubidea, eta 906k jo dute hautestontzietara, hau da, herritarren %30ek. Ados al zaude Lantaronen ziklo konbinatuko zentral termikoa jartzearekin? galderari, ezetz erantzun diote 821 lagunek. 68 botok baino ez diote zentralari sostengua eman. Guztira, 40 kontzejutan egin nahi zuen AKEk galdeketa, baina zortzi herritako Administrazio Kontseiluek ez zuten deialdiarekin bat egin.
Zentral termikoaren ondoriozko kutsadurak ingurumenean eta herritarren osasunean eragin ditzakeen kalteak direla eta, egitasmoaren aurka agertu dira zenbait auzo elkarte eta talde ekologista. 2012an jarri nahi dute martxan zentrala, baina oraindik izapide fasean dago proiektua; izatez, oraindik ez du ingurumen baimenik. Hori dela eta, Lantarongo Udalari herri galdeketaren emaitzak kontuan har ditzan eskatu dio Argotek.
Ildo beretik mintzatu da EBko Arabako koordinatzaile Jose Miguel Fernandez: «Herritarren borondateak interes ekonomikoek baino pisu handigoa izan behar du». Añanako biztanleek egitasmoari buruzko iritzia eman dutenez, galdeketa «aztertzeko» eskatu die agintariei. Foru Aldundiko Ingurumen Diputatu Mikel Mintegiren hitzetan, ordea, egitasmoa aurrera aterako da.
Lantarongo zentrala ez dutela nahi adierazi dute Añanako herriek
Galdeketaren emaitzak kontuan hartzeko eskatu dio Lantarongo Udalari Arabako Kontzejuen Elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu