HERRIRA-REN AURKAKO OPERAZIOA

Lantokien aurrean elkartuta salatu dute Herrira-ren kontrako sarekada

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek plazetan eta lantegietan biltzeko deituta, 12:00etatik 12:30era egin dituzte mobilizazioak. Argazki bilduma: mobilizazioetako irudiak.

2013ko urriaren 4a
13:40
Entzun

Lantoki askotako kanpoaldeak eta plazak aldarrikapenez josi dira eguerdian, hainbat udaletxe eta instituzio atari ere bai, Herrira mugimenduaren aurka Guardia Zibilak astelehenean egindako operazioa salatzeko. Sindikatuek egin zuten deia herenegun, eta ordu erdiko etena egin dute hainbat lekutan, 12:00etatik 12:30era. Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da protesta. Osoko bilkuratik joan dira EH Bilduko 21 legebiltzarkideak, eta Andre Mari Zuriaren plazan deitutako mobilizaziora joan dira. Lau herrialdeetan, oro har, ugariak izan dira sindikatuen deiarekin bat egin duten herrietako biztanleak, baina Nafarroan, hainbat ekitaldi debekatu dituztela-eta, Iruñean, besteak beste, protesta geldiarazi du Espainiako Poliziak.

"Euskal Herria Euskal Herritik"

Bilboko udaletxearen aurrean egon dira Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Txiki Muñoz ELAkoa. Atxilotuak espetxera ez doazelako “pozik” daude sindikatuetako ordezkariak, baina Herrira-ren jarduera oro debekatzeak legez kanporatzeen zerrenda handitu besterik ez duela egin gogorarazi du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Inputatuen zerrenda ere luzatzen ari dela salatu du, orain arte zeuden 200dik gora herritarri beste hemezortzi gehitu zaizkiela, aske geratu diren arren, karguak dituztelako, “talde terroristako kide” izatea barne.

Horrek guztiak erakusten du, Etxaideren ustez, “estatuak konponbidean aurrera egiteko daukan gogoa”. Espainiako Gobernutik ezin dela ezer onik espero-eta “Euskal Herria Euskal Herritik” eraikitzeko deia egin du, eta egunerokotasunean, nork bere lantegitik eta herritik, lan egiteko beharra nabarmendu du.

ELArentzat, berriz, oinarrizko bi eskubide apurtu ditu Herrira-ren kontrako operazioak: presoen giza eskubideak, eta elkartzeko eskubidea. “Espainiako Estatua ez da demokratikoa”, esan du Txiki Muñozek, eta demokratikoa ez den estatu baten jokaera erakutsi du beste behin. “Jokaera ez demokratiko horri aurre egiteko borroka lehenetsi” behar dela uste du, bidezkoak ez diren ekintzeak salatzea “estatuak dituen arazoak konpontzeko estalkia” besterik ez delako gertatutakoa.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek egin zuten protestarako deia, herenegun, euskal herritarren kontrako bidegabekeriak salatzeko.Sindikatuek biharko manifestaziora joateko deia ere egin diete herritarrei, bidegabekeriei aurre egiteko gai direla erakusteko.

CNT eta CCOO ere, Bilbora

CCOOk "errefusatu" egin du Herrira-ren aurkako operazioa. Hala ere, dozenaka eragilek deituta larunbatetan Bilbon egingo den manifestaziorako deia egiteko manifestuaren puntu batzuekin ez du bat egiten CCOOk. Hori dela eta, azaldu du ez duela deialdia bere egin, baina, hala ere, CCOOko hainbat kide manifestazioan izango direla ziurtatu du, sindikatuak "espetxe politikan" aldaketak egin daitezela aldarrikatzen duelako, normalizazio, bakegintza eta elkarbizitzarako bidean aurrera egin dadin.

CNTk, berriz, Bilboko manifestazioarekin bat egin, eta bere militanteak parte hartzera deitzea erabaki du. "Espainiako Gobernuaren ekintza errepresibo honi aurre egiteko, preso guztien eskubideak aldarrikatzen ditugu, eta eskubide zibilen kontrako gehiegikeria berri honen biktimak berehala askatzeko exijitzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.