Lapatxeko konpostatze planta: funtzionamendua eta arazoak

2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun

PLANTA BAT EZINEAN



Garbitania Zero Zaborreko teknikariek egindako txostenaren arabera, akats handiak ditu Lapatxeko konpostatze plantak. Hona haietako nagusiak:

Harrera gunea. Gai organikoa iritsi eta zenbait egunetan egituratzailearekin nahastu gabe egon ohi da, eguraldiaren baldintzen menpe —sarritan busti egiten da, euria eginez gero—. Egun batzuetan lau egun ere egoten da nahastu gabe. Tratamendu egokia nahi bada, iritsi bezain laster nahastu beharko litzateke egituratzailearekin. Ondoren, nahasketa homogeneo bat lortzeko, nahasgailu bat erabili behar da, baina Lapatxen ez dago. Ondo berdinduta ez badago, oso zaila da konpost hori kalitate onekoa izatea.

Hartzitzeko gunea. Hondakinen zati organikoa inausketarekin nahastu ondoren, hartzitzeko danborretan sartzen da. Lapatxeko danborrek ez dute behar adinako tenperatura bermatzen, eta, hori dela eta, ezin da higienizazioa ziurtatu. Danborrak babestu dituzte, baina arazoa ez da konpondu. Berriki bost milioi euroko saila onartu du hondakinen partzuergoak proiektuaren akatsak zuzentzeko.

Konposta ontzeko gunea. Hartzitzeko danborretan bost eta zazpi egun artean egoten da konposta, eta handik ontzeko gunera eramaten dute. Denbora hori laburregia dela uste dute Garbitaniako teknikariek. Ontzeko guneko errailetan jartzen da konposta, nahasketa mekanikoarekin jarraitzeko. Gune hori ere babestu gabe dago. Bolada euritsua izanez gero, lokaztu egiten da, eta lixibatuak ere isurtzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.