Komunikazioa

Lapurdi Irratira sartzeko debekua kendu diote Peio Ospitali

Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio buruak, irratiko administrazio kontseiluko bi kidek eta Ospitalek agiri bateratua plazaratu dute, aferari konponbidea emanez. Ospitalek irratiko lokaletan bere eginkizunak bete ahalko ditu.

Lapurdi irratiko esataria da Peio Ospital. SYLVAIN SENCRISTO
urtzi urkizu
2014ko uztailaren 28a
07:07
Entzun

Uztailaren 16an Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio arduradunak bidalita, Alexandre Agerre mezulariak, Ospitalen etxera joan, eta hau esan zion: «Lapurdi Irratian ez zara ongi etorria, eta itzuli lokaleko gakoak». Hala plazaratu zuen Ospitalek BERRIAn.

Joan den ostiralean, berriz, bilera egin zuten Ospitalek, Drapek eta irratiko administrazio kontseiluko bi kidek —Alexandre Aguerre eta Xalbat Berterretxe—. Lauren artean agiri bateratu bat plazaratu dute. Agirian onartzen dute Drapek irratiko giltzak bueltatzeko eskatu zizkiola Ospitali. Bestetik, Drapek erabaki zuen Ospital lokaletara ez sartzeko. "Soilik sarreran ager zitekeen Ospital, kronikak erregistratzeko nahikoa zelakoan", dio agirian. Bigarren solairura sartzea debekatua zuen, baita lehen solairuko espazio komunera. "Debekuak Ospitali irratitik kaleratua izatea sentiarazi zion".

Ostiraleko bileran, bestalde, Drapek erabakia kexu moduan hartu zuela adierazi zuen, "Ospitalek sortutako konfiantza ezagatik". Bileran kexuak sakon aztertu zituzten. Eta azkenean, Drapek onartu zuen aipatutako kexuak "oinarrigabeak" zirela. Ondorioz, hartutako neurriak bertan behera utzi ditu elizbarrutiak. "Beste edozein bezala, Ospitalek irratiko lokaletan bere eginkizunak bete ahalko ditu".

Agirian, Ospitalek aitortzen du, debekuez aparte, Drapek ez zuela esatariaren irratiko eginkizunak auzitan jarri, "ez haren kroniketan ez administrazio kontseiluan".

Bi aldeek faltan sumatu dute "komunikazio edo harreman zuzenagoa". Izan ere, uste dute harreman horrek saihets zezakeela inguruko komunikabideetan zabaldu diren "zorigaiztoko" informazioak. "Askotan egiaztatu ez diren informazioak". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.