Lapurdin iragarri bidea berretsi dute AHTrako

Trenbidearen %60 lurpean eginen dutela azaldu du Dominique Scmittek, nahiz eta garestiago izanen den

mikel p ansa
2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik izan. Abuztu hondarrean Lapurdiko hautetsiei aurkeztu perimetroa ontzat jo du Frantziako Hego-mendebaldeko Egitasmo Handien Batzordeak. AHT abiadura handiko trenarentzat bide berria egiteko inkestarekin lanean jarraituko du, beraz, batzordeak. Inkestaren arabera, Hendaia eta Biriatu artetik sartuko da trena Lapurdin, eta Baionan geltokia izanen du. Lapurdin AHTak eginen duen bidearen %60 lurpean joanen dela ere azaldu dute. Bide berriak, bertzalde, «eskualdeko trenak» ere har ditzakeen aztertzen ari dira.

Behin inkesta onartuta, zehaztapenak eginen dituzte. Urtea amaitzerako, linea berriaren funtzioak zehaztu nahi ditu Hego-mendebaldeko Egitasmo Handien Batzordeak. Perimetroa kilometro batera murrizteko asmoa ere agertu du Dominique Schmitt Akitaniako prefetak, eta erabakia «atzeraezina» dela ohartarazi du. Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen RFF enpresako zuzendari Jean Marc Delionekin eta Akitaniako Kontseilu Orokorreko presidente Alain Roussetekin bildu zen ostegunean Schmitt, Bordelen (Frantzia). Tren lasterrei eta egungo trenbideei buruz solastatu ziren. Trenbide berria egitea eta egungo azpiegiturak osatzen jarraitzea adostu zuten.

Bide berria egiteko, kontuan hartuko dira egitasmoak eragin ditzakeen kalteak, Schmitten erranetan: «Ingurumen aldetik hauskorrenak diren lekuetan trenbidea lurpean sartzeko helburuari atxikiko gara, Alliot Marie andereak eskatu gisan». Christian Maudet RFFko xede arduradunak aste honetan azaldu du bidearen %60 lurpean emateak 1.400 milioi euroko gastua duela -lur azaletik, 1.000 milioi euroko aurrekontua izanen luke-. Ordea, bidea ez egitea garestiago litzatekeela adierazi du. Zehaztu du, bertzalde, Azkainetik igarotzen den bidea ez dela baztertu, zailtasunak dituen arren, aztertzea merezi duelakoan.

Hego-mendebaldeko Egitasmoen Batzordeak berretsi duen bidearen aurka mintzatu dira Berdeak. Suitzako SMA eta Prog Trans enpresek, Lapurdiko hautetsiek eskatuta, egin duten azterketa ekarri dute gogora Berdeek. Inkesta horren arabera, RFFk egungo trenbideetan hainbat hobekuntza eginen baditu, egunean 320 tren sartu ahal izango dira Lapurdiko trenbidean. Aldiz, RFFren aurreikuspenetan ez da sartzen eguneko 180 tren baino gehiago hartzea.

Azkainen hasi dira protestak

Azkaineko Herriko Etxea eta herritarrak ez dira geldirik egon AHTaren egitasmoa hartzen ari den abiadarekin. Bide berriaren balizko adarretako bat Azkaine ondotik igarotzen da, eta Larrun mendian bost kilometroko tunela eginen lukete, egun gailurrera igotzen den trenaren geltokitik hurbil. Azkaineko auzapez Jean Louis Laduxek haserre hartu zuen RFFren inkestaren berri. Natura 2000 Sareak babestua da Larrun ingurua, eta Laduxek azaldu du ez dela ulertzekoa alde batetik babestu nahi den eremua «degradatzea». Horregatik, Azkaineko Herriko Etxea protestan hasi da. Dozenaren bat lagun bildu ziren herenegun, eta mendia garbitzeari ekin. Bildutako lahar eta belarrekin EZ LVG NON leloa idatzi asmo dute pentze batean, Donibane Lohizunetik eta Senperetik ikusteko gisan.

Aturriko, Errobiko eta Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak ere trenbide berria eraikitzearen aurka agertu dira, eta heldu den urriaren 17an bide berriaren aurka manifestatzera deitu dute. Baionan eginen dute protesta, eta suprefeturaraino joanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.