Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Hego Euskal Herrian frankismoan eta ondorengo hamarkadetan erietxeetatik lapurtutako umeen kasuak "ikertzeko eta argitzeko" eskatu dio Eusko Legebiltzarrari gaur. Ekimen bat aurkeztu du, parlamentuak batzorde berezi bat era dezan. Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren eskaera jaso eta bideratu du horrela EAk.
"Irekitako ekinbide judizialetatik aparte, ezinbestekoa da erakunde publikoak ere salaketak argitzeko inplikatzea", Agirrezabalaren arabera. Biktimek eta adituek osatu beharko lukete batzordea, hark esan duenez, eta kasuak argitzeaz gain, biktimekiko kalteordainak aurkeztu beharko lituzkete.
Uztailaren hasieran behintzat, epaitegietan 200 haur desagerturen baino gehiagoren salaketak jarri ziren: 108 Gipuzkoan, 70 Bizkaian, 21 Araban eta hiru Nafarroan.