«Inoiz baino gehiago» jai herrikoien alde antolatzera deitu dute

Hegoaldeko lau hiriburuetan jai herrikoien alde lan egiten duten eragileek salatu dute instituzioek «baztertu» egin dituztela

Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 19a
13:31
Entzun

COVID-19aren izurria dela eta, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko aurtengo jaiak bertan behera utziko zituztela iragarri zuten, lehengo astean, hiru hiri horietako alkateek batera. Herri Sanferminek, Iruñeko Peñen Federazioak, Bilboko Konpartsek, Donostiako Piratek, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak eta Gasteizko Txosnek ohar bateratua kaleratu dute, eta salatu instituzioek «baztertu» egin dituztela, «aldebakarreko erabakia» izan dela,  «ez-partekatua», eta prentsaren bidez eduki zutela horren berri. Bide batez, jai batzorde horiek jai herrikoien alde antolatzera deitu dute.

Bilbokoak, Gasteizkoak eta Donostiakoak utzi zituzten bertan behera lehengo astean, baina aurreko asteetan gauza bera gertatu zen Iruñeko Sanferminekin eta Baionako bestekin.

Oharra kaleratu duten jai batzordeek argi utzi nahi izan dute ez dituztela erabakiak bere horretan «zalantzan» jarriko. Erabakiak hartzeko «moduak» salatu dituzte, ordea. «Ez dute gurekin kontatu. Beste behin, bigarren plano batean utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz». Sinatzaileen arabera,  jaiak «inoiz baino beharrezkoagoak dira garaiotan», ematen duten «alaitasunarengatik, kolorearengatik», eta eskaintzen duten «kolektibotasunarengatik». Nabarmendu dute jarraituko dutela «euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunetik» eredu hori modu «parte hartzailean» sustatzen. Gainera, Euskal Herriko jai batzorde guztiei deia egin diete jai herrikoien alde antola daitezen, «osasun neurri guztiekin, modu berritzailean eskaintza eginez».

Zizpa gaztetxea

Baionako Zizpa gaztetxeak atzo iragarri zuenez, bertan behera utzi du uztailean egin nahi zuen «ekinbide herrikoi, euskaldun eta parekidea», iruditzen zaiolako «ezinezkoa» izango dela «baldintza egokietan» aurrera eramatea. «Gutako bakoitzaren bizitza eta elkar zaintza egunerokoaren erdigunean ezartzeko garaia dela pentsatuz, ez gaude antolatzaileen eta publikoaren osasuna bermatzeko moduan», nabarmendu du Zizpak, ohar baten bidez.

Jakinarazi du, bide batez, Baionako auzapeza festen gainerako «aktoreekin» bilduko dela ekainean, eta gogoeta egingo dutela datozen hilabeteetan «zer-nolako egitasmoak antolatu daitezkeen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.