Bereziki laranjak hartuko du gaur Bizkaiko hiriburua. 7katu gaztetxeak dei egin du 18:00etan Bilboko udaletxea okupatzeko. Azken urteotan “Bilboko Udalak hainbat gaztetxe eta etxe okupatu hutsarazi” izana salatu nahi dute: “Eraso horien azken helburua bertan antolatzen den gazteria eta herri mugimendua akabatzea da”. 7Katu gaztetxeak “kontraerasorako garaia” dela adierazi du, eta Bilboko udaletxea okupatuko dutela: “Desobedientziaren bidez okupazioa eta autogestioa defenda ditzagun”.
Moreak ere izango du lekua. Kafe solasaldia antolatu dute Mamiki konpartsako lagunek, Norma Mogrovejo aktibistarekin, 16:00etan. Gero, 19:30ean, Kaskagorri konpartsaren eskutik, Astindu morez txosnagunea ekitaldiari ekingo diote.
Berdeak ere hartuko du Bilbo. Lorezaintza tailerra antolatu dute Eguzkizaleak konpartsako kideek 12:30erako, eta ordu berean Baratze ekologikoa izeneko tailerra eskaini dute triangunean. Borobiltzeko, Lurra bazkaria egin dute euskalgunean, 14:30ean.
Tailerrak, poteoa eta kontzertuak
Egitarau ofizialak eta konpartsen egitarauak hainbat ekintza antolatu dituzte goizerako: txikigunea, pilota txapelketa, nekazaritza eta eskulangintza azoka eta haurrentzako tailerrak, besteak beste. Geroago ere aukera handia eskaini dute: herri kirolak eta jolasak, bilbainadak, mermelada tailerra eta haurrentzako eskalada.
Hainbat konpartsek herri bazkariak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, kalejiraren eta poteoaren ordua izango da: 19:30ean, Kalejira-Trikitixera hasiko dute triangunetik. Kartoi Bandaren kalejirak jarraituko dio, eta Orkestra taldearekin poteoa egingo dute ondoren kulturgunean. Azkeneko kalejira 20:30ean hasiko da, Maskarada taldearekin euskalgunean.
Luis Carlos del Pozo DJak musika jarriko du 21:00etatik aurrera, eta azkeneko kontzertua 01:30ean hasiko du Las Tea Party DJak. Bi horien artean, denen gustuko kontzertuak egongo dira Bilbo osoan zehar, besteak beste: Potato Ska Reggae Band, Soñadores Natos, Hijos de Tu Tglesia, Willis Drummond, Dubos DJ eta Patrol Destroyers.