Larraitz Ugartek biometanizazio eta konpostatze plantak agindu ditu Gipuzkoarako

Errauste planta baztertu eta birziklatzearekin «lotuago» egongo den sistema bat abiatu nahi dute 2015erako

Marian Beitialarrangoitia eta Xabier Mikel Errekondo, atzo eginiko agerraldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / A. PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoak konpostatze eta biometanizazio plantak izango ditu bizpahiru urte barru, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen arabera. Halaxe jakinarazi zuen atzo ETB2 kateko saio batean. Ugarteren esanetan, aldundiak oso garbi dauka Gipuzkoan ez dela errauste plantarik egingo: «Guk badakigu Gipuzkoak ez duela errauste plantarik behar, eta, beraz, ez dugu egingo. Azpiegitura modernoagoen alde egin nahi dugu». Alegia, birziklatzearekin «lotuago» dagoen azpiegitura sare bat eraikitzea da 2015erako helburua.

Aste honetan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak jakinarazi du Gipuzkoak errauste plantarik egin ezean ez duela luzatuko hango 25.000 tona zabor inguru Bizkaira eramateko dagoen hitzarmena. Akordio hori aurtengo ekainera arte zegoen eginda, baina beste hiru urterako luzatzeko aukerarekin. Ordea, Gipuzkoak errauste plantarik egingo ez duela jakin bezain laster, Bilbaok esan du ez duela sinatuko 2015era bitarteko akordioa. Ez behintzat iritziz aldatu eta Gipuzkoak errauste planta egitea erabaki artean.

Adierazpen horiek estutzeko modu bat besterik ez dira, Ugarteren ustez, eta Gipuzkoak ez dauka zertan kezkatu: «EAJk agindu diona da momentu honetan Jose Luis Bilbaoren papera; alegia, gu estutzea errauste planta bat eraiki dezagun. Ez zaigu iruditzen hitzarmena bertan behera utziko dutenik». Bilduren esperantza akordioa luzatzea dela jakinarazi du diputazioko bozeramaileak. Gaineratu du Bilbaoren jarrera ez zaiola egokia iruditzen.

Ugartek erantsi du atez atekoaren kontrako jarrerak baduela zergati bat: Bilduk bultzatutako sistema izatea. Hala ez balitz alderdien artean harrera hobea izango zuela adierazi du.

Agerraldia Donostian

Hain zuzen ere, atez ateko sistemaren inguruan hitz egiteko agerraldi bat egin zuten atzo Donostian sistema martxan dagoen lau herrietako —Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako— alkate ohiek. Xabier Mikel Errekondo Usurbilen alkate izandakoaren ustez, atez atekoa oso emaitza onak uzten ari da, eta sistemaren kontra dauden alderdiak eta erakundeak beldurra zabaltzen besterik ez dira ari. «Atez atekoaren kontra daudenei dei egiten diegu zentzuz jokatzera, eta buruarekin pentsatzera. Hondakinek ez daukate kolore politikorik, eta herritar guztion arazoa da».

Atez ateko bilketaren benetako esperientzia praktikan jarri zutenetik aparteko arazorik ez dela sortu nabarmendu du Errekondok, eta jendea jada erabat ohituta dagoela. Gainontzeko alderdiei gezurretan aritzea leporatu die: «Sistema merkea, garbia eta malgua da, eta errefusa oso da txikia. Hori ukatzen duen oro gezurretan ari da, eta, zoritxarrez, bat baino gehiago ari da horretan. Alarma faltsuak pizten ari dira».

Kanpoko datuei begiratu beharrean adibiderik onena etxean dagoela gogorarazi du Errekondok: «Datuak emateko, Austriaraino jotzen dute, eta ez dugu ulertzen zergatik. Hernanin, Oiartzunen, Antzuolan eta Usurbilen emaitza gomendagarriak eta aipagarriak ditugu».

Alkate ohiak ukatu egin du herritarrei inposatu egiten zaiela atez atekoa, eta gaineratu du herritarrek parte hartzea galdeketa egitea baino askoz gehiago dela: «Herritarra informatu egin behar da; beraz, baliabide guztiak eskura jarri behar zaizkio, zertan ari den jakin dezan. Eurek ondo dakite lehen zer-nolako zabor poltsak jasotzen zituzten eta orain nolakoak dauzkaten. Aldea begi bistakoa da».

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohiaren esanetan, eta EAJren galdeketa eskaerei erantzunez, inork ez du mahai gainean jarri atez atekoaren pareko emaitzarik lortuko duen alternatibarik: «Kritikatzea erraza da, baina inor ez da gai izan hain arazo larriari konponbidea emateko». Errekondok «ahaztu ezin daitekeen» kontu bat nabarmendu du: «Ingurumenaz eta osasunaz ari gara. Hitz batean, gizarteko kontu garrantzitsuenetakoaz. Beraz, irtenbideak berehalakoa izan behar du».

«Bide zaila» izango duten arren sistema laster martxan jarriko duten 34 herriei animoak eta sostengua eman dizkiete lau alkate ohiek, eta zoriondu hartutako erabakiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.