Koronabirusa

Larresoroko eta Biriatuko eskolak hetsi dituzte

Gasteizen, haur eskola bat itxi zuten astelehenean, irakasle batek positibo eman duela eta. Bestalde, Baionako Xaho haurtzaindegia hetsirik egonen da zortzi egunez. Pirinio Atlantikoetako departamendua «zona gorrira» pasatzea ikertzen ari dira.

Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2020ko irailaren 9a
09:06
Entzun

Larresoroko (Lapurdi) eskola hestea erabaki du Pirinio Atlantikoetako prefetak, herriko etxearekin adostuta, haur bati koronabirusa atzeman diotela eta. Eskola guziarekin harremanetan izan denez, denak bakartu dituzte —langile zein ikasleak—, eta eskola hetsirik egonen da epe batez.

Goizean, Biriatuko (Lapurdi) ikastola hetsi dute, kasu positibo bat atzeman dutelako. Orotara, 24 ikasle ditu ikastolak, eta guztiek etxean egon beharko dute PCR proba egin bitartean. Momentuz, ez dute erran zenbat denboraz egon beharko duen hetsirik.

Gasteizen, berriz, astelehenetik haurrak ez dira joan Katagorri haur eskolara, irakasle batek positibo eman duela eta. 0-1 urteko 31 haur hartzen dituzten bost ikasgela itxi behar izan dituzte.

Ikastetxeak ixteaz gain, hainbat ikasgelatako haurrak bakartu dituzte. Besteak beste, Hendaiako (Lapurdi) Lizardi eskolan ikasgela bat bakartu dute, eta Basusariko (Lapurdi) eskolan ere 26 ikasleko ikasgela bat eta irakaslea bakartu dituzte. Nafarroan ere, egoera ez da erraza. Murchanteko Mardones y Magaña ikastetxeko bi talde bakartu dituzte, eta ikasgela bat bakartu dute Faltzesko Doña Alvara Alvarez eskolan. Iruñean, bi ikasgela bakartu dituzte Jose Maria de Huarte eskolan, eta bat Amaiur ikastolan. Gainera, atzotik itxialdian daude The British School of Navarra ikastetxeko ikasgela bateko ikasleak, eta Iruñeko Cardenal Ilundain eskolako ikasgela bateko haurrak ere itxialdian daude; gaur egin dizkiete PCRak.
Donostiako Aldapeta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako gela bateko ikasleak eta haien tutorea ere barkatu dituzte, ikasle batek positibo eman duelako. 8 eta 9 urteko 24 ikasle dira guztira. Ikasle gehien duen Donostiako ikastetxea da Aldapeta: 1.400 ikasle orain, eta 2.100 ikasle izango dira DBHkoak eta batxilergokoak hasten direnean.
Kasuak ugaritzen ari dira Ipar Euskal Herrian, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak zona gorrian sartzea erabaki lezake ondoko egunetan. Azken egunetan 100.000 biztanleko 50 kasuren langa gaindituko balitz, erabaki hori hartuko duela iragarri du Eric Spitz prefetak hainbat hedabideri egindako adierazpenetan. Sud Ouest egunkariaren arabera, atzo gainditu zen langa hori. Egoera hobetuko ez balitz, ondoko ordu edo egunetan har lezake erabakia Paueko (Okzitania) prefeturak.

Bestalde, Baionako Xaho haurtzaindegiko langile batek positibo eman zuen iragan asteburuan. Prebentzio neurri gisa, haurtzaindegia hestea erabaki zuen atzo herriko etxeak. Kutsatu den langilearekin kontaktuan izan diren lankideak bakartu egin dituzte, eta PCR proba egin dute. Emaitzak heldu dira, eta beste hiru langileri atzeman diete koronabirusa. Baionako Herriko Etxeak Xaho haurtzaindegia zortzi egunez hestea erabaki du, kutsatze kateak hausteko.

Kutsatu diren haurtzainekin kontaktuan izan diren haur guziak «kontaktu» gisa hartu dituzte; eta PCR proba egin beharko dute. Bestalde, eraikina desinfektatu dute.

Positibo eman duen langileak sintomak izan zituen iragan ostiralean, eta etxean egon zen PCR proba egin aurretik. Asteburuan zenbait sintoma ukan zituzten beste hiru langileek, eta ez ziren lanera joan. Positibo eman dutenez, hamabostaldian egon beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.