Larri dago Bakion labana sartu dioten neska

Neskaren bikotekidea ere arin zauritu du erasotzaileak; erasoari buruzko hipotesirik ez du eman Ertzaintzak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Oso larri dago atzo goizaldean Bakion (Bizkaia) labana sartu zioten 18 urteko neskak; haren bikotekideak, 17 urteko mutila bera, zauri arinagoak ditu. Biei nork eraso zien ikertzen ari da Ertzaintza, baina oraingoz ez du inolako hipotesiren berri eman. Bakioko Udalak «irmoki arbuiatu eta gaitzetsi» zuen erasoaatzo, eta laguntza eta elkartasuna adierazi zien biktimen senideei.

Goizaldeko laurak inguruan gertatu zen erasoa. Bakio eta Bermeo elkartzen dituen errepidean zihoan bikotea, oinez; gazteak San Pelaio auzora heldu zirenean, Bakioko ur araztegiaren gunera, gizonezko batek sastakatu egin zituen, eta ihes egin zuen. «Bat-batean» gertatu zen erasoa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak albiste agentziei jakinarazi dienez.

Neska larri zaurituta geratu zen, eta Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman behar izan zuten. Oso atzo iluntzean, lerro hauek idazteko orduan, larri segitzen zuen. Haren bikotekidearen zauriak arinagoak izan ziren, baina hura ere ospitaleratu egin behar izan zuten; Basurtuko erietxera eraman zuten (Bilbo).

Bakioko Udalak erabateko gaitzespena adierazi du, prentsa ohar baten bidez. Zaurituak ahalik eta azkarren senda daitezen opatu die haien familia eta lagunei. EAJk eta Bilduk osatutako udal taldeak erantsi du «edozein indarkeria mota guztiz errefusatzen» duela: «Horrelako jokabideak ez daude inola ere justifikatuta, eta ez dute lekurik gure gizartean».

Argibiderik ez ikerketari buruz

San Joan Doloz jaiak ospatzen ari dira egunotan Bakion; hala ere, udalak ez ditu bi auziak lotu, jaiak ez baititu aipatu oharrean. Ertzaintzak erasoaren erantzulea aurkituko duelako esperantzaz ere agertu da.

Oraingoz, poliziek ez dute ikerketaren emaitzarik argitara eman. Dei baten bidez izan zuten erasoaren berri, eta goizaldean bertan ekin zioten gertatutakoa aztertzeari, baina isilpean ari dira ikertzen. Hala, Herrizaingo Sailak ez du jakinarazi nahi izan erasotzaileak eta biktimek elkar ezagutzen zuten ala ez, edota erasoa bortizkeria matxistarekin lotuta dagoen. Aurten Euskal Herriko sei emakume hil dituzte genero indarkeriaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.