Euskal presoak

Larri gaixorik dauden presoen alde jauzia egiteko eskatu du Sare-k

Larri gaixo dauden presoak etxeratzeko Sarek antolatutako trenak Errenterian izango du aurreneko geltokia.

Ikerne Zarate / Oarsoaldeko Hitza
2016ko otsailaren 13a
11:00
Entzun

Larriki gaixorik dauden euskal presoak espetxeetatik atera eta etxera ekarri nahi ditu Sarek, “larriki gaixo eta espetxea hitzak esaldi bakar batean elkarrekin egon ezin diren hiru hitz direlako”. Adostasunetik konpromisora jauzi egiteko unea da Sareren iritziz eta horren harira nazio mailako dinamika ibiltaria abituko duela jakinarazi du gaur goizean Errenteriako Xenpelar Etxean egindako agerraldian. “Sare herritar honek borondateak mugitzeko asmoz tren bat jarri du martxan, giza eskubideen errespetua abiapuntu izatetik, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen geltokiraino. Ibilbide horretan, larriki gaixo dauden presoen kaleratzea ezinbesteko pausua da”.

Sarek martxan jarri duen tren horren baitakoa da gaur aurkeztu duten dinamika. Mahaiaren atzean Teresa Toda, Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Aurkene Astibia aritu dira hizlari, eta herritar guztiak deitu dituzte trena hartzera. Beraien atzean, hainbat lagun, tartean Aitzol Gogorza gaixotasun larri eta sendaezina duen preso oreretarraren gurasoak. Lehenengo geltokia Errenteria izango du dinamika horrek, eta Aitzol Gogorzaren gurasoek hartu dute Juan Gorriti eskultoreak egindako lekukoa, eta trenari bagoiak txertatzen joango dira, preso gaixoa dagoen herri bakoitzetik pasako baita dinamika. Jose Ramon abetxuko, Aitzol Gogorza, Garikoitz Arruarte, Gorka Fraile, Ibon Fernandez Iradi, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Josetxo arizkuren, Lorentxa Gimon, eta Txus Martin dira larriki gaixorik dauden euskal presoak.

Sare gainera ez da bakarrik ariko lanean dinamika honetan, “gaiaren gainean lanean ari diren herri plataformak bidailagun izango ditugu: Iparra Galdu Baik, Txus Askatu, eta Gorkas Fraileren askatasuna eskatuko duen Durangoko plataforma berria ere gurekin ariko dira”.

Gorroto espetxe politika

Kardiopatia, espondilitisa, miopia magnoa, esklerosia, obsesio konpultsoa, HIESA, brakikardia sintomatikoa, eskizofrenia, crohn gaitza, mingainaren kartzinoma epidermoideoia. Horiek direla egun larriki gaixorik dauden  11 euskal presoen gaixotasunak esan du Astibiak, eta gaineratu du Espainiako eta Frantziako Estatuen legeetan gaixo larriek  euren gaixotasunak sendatzeko baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera badago ere, egun larriki gaixo dauden euskal presoak espetxean mantentzen dituztela, euren gaixotasuna edozein izanda ere.

“Kasu gehienetan askatasuna ukatu eta baldintzapeko askatasunaren aldeko epaiak daudenean, fiskaltzak epai hauen aurkako helegiteak egiten ditu presoaren espetxealdia luzatzeko, mendeku eta gorroto espetxe politika luzatzeko. Horren adibide garbia da Lorentxa Gimonen kasua”, esan du Astibiak.

Egungo espetxe politika edozein ikuspegi gizatiarretik at gelditzen dela ere esan dute Sareko kideek, eta horren harira larriki gaixorik dauden 11 presoetatik bederatzi dispertsatuta daudela nabarmendu dute, “etxetik ehunka kilometrora, beraien gaixotasunari aurre egiteko ezinbestekoa duten ingurune afektibotik urrun”.

Juan Gorritik egindako lekukoa Aitzol Gogorzaren gurasoek hartu dute eta Errenteria-Oreretan izango da hilabetez, eskuz esku Ondarrura helduko da hurrengo hilabetean. Gorritik olerkia eta elkar musukatzen ari diren bi adar irudikatzen dituen marrazkia ere prestatu du, “horrelako bana emango diegu larriki gaixo dagoen preso guztien familiei”, esan du Agirretxek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.