Gurutzetako erietxean larri daude atzo Bilbon etxebizitza eraikin bateko sutean zauritutako sei lagunetatik hiru: Erredura Handien Unitatean dago ingresatuta emakumezko bat, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean bi mutiko. Horietako bat, 5-6 urtekoa, da larrien dagoena. Izan ere, garrekin beldurtuta etxebizitza barruan ezkutatu zen mutiko hori, eta suhiltzaileei asko kostatu zitzaien hura aurkitu eta ateratzea. Lekukoen arabera, salbamendua hasi eta 40 bat minutura atera zuten, baina hala eta guztiz, bizirik.
Igande goizaldeko ordubata eta erdiak inguruan piztu zen sua Kastrexana kaleko 174. atarian, Zorroza auzoan, Alonsotegirako bidean. Lehen ikerketen arabera, gas ihes baten ondorioz gertatutako leherketa izan zen sutearen abiaburua, eta hiru pisutako eraikinaren egitura zurezkoa zenez berehala hartu zuten garrek guztia. Hirugarren pisuan bizi zen familiak balkoitik egin zuen alde, auzokoen eta suhiltzaileen laguntzaz.
Eraikina, berriz, erabat hondatuta geratu da: barne egitura guztia eta teilatua suntsitu ditu suak, eta fatxada baino ez da geratu zutik. Eraikin zaharra zen, eta han bizi zirenak, oro har, baliabide gutxiko jendea ziren.
Ezbeharra
Larri segitzen dute Bilboko sutean erretako hiru lagunek
5-6 urteko mutiko bat da okerren dagoena. Sugarrekin beldurtu eta ezkutatu egin zen, eta, ondorioz, suhiltzaileei asko kostatu zitzaien hura aurkitzea. Atzo goizaldean hartu zuen su Bilboko Zorroza auzoko etxe batek, agi denez, gas ihes baten ondorioz. Barne egitura guztia suntsitu dute garrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu