Nizako atentatuaren ondotik, larrialdi egoera 2017ko urtarrilera arte luzatzea erabaki du Frantziako Asanblea Nazionalak. Goizaldeko bozketan, lege proposamenaren alde agertu dira 489 diputatu, eta aurka bozkatu dute 26k. Iazko azarotik dago ezarrita larrialdi egoera, eta beste sei hilabetez luzatuko da; gobernuak beste hiru hilabetez luzatu nahi zuen.
Neurri gehigarriak ere biltzen ditu lege proposamenak: Poliziak atxiloketak eta miaketak epaileen baimenik gabe egin ahalko ditu —maiatzetik epaileen baimena behar zuen— eta bahitutako ordenagailu zein telefono mugikorretako informazioa miatu eta erregistratu ahalko du.
Diputatu eskuindarren gehiengoak bozkatu du neurriaren alde, baina kexu agertu dira. LR eskuindar errepublikarrek, esaterako, "terroristen aurkako borrokan" nahikoa egin ez izana eta "epel" aritzea egotzi diote gobernuari. Ezkerreko oposizioak nabarmendu du luzatzeak ez duela "mehatxu terrorista" etengo. Frantziako Senatuak gaur aztertuko du erabakia; onartzea espero da. Batasunerako deia egin dute François Hollande presidenteak eta Manuel Valls lehen ministroak.
Baionako bestak, azken erabakiaren zain
Aste honetan iragarriko dute antolatzaileek zein segurtasun neurri hartuko dituzten 2016ko Baionako bestetarako. Orain arte eman dituzten azalpenen arabera, Estatuari dagokio bestekin zer egin erabakitzea, "barne segurtasun" auzi bat delako.