klimari buruzko parisko goi bilera

Larrialdi egoerak ezarritako debekuen gainetik, protesta egin dute Baionan

Prefetaren debekuari muzin eginez eta Urgentzia klimatikoa da lelopean, 250 pertsona bildu dira. Bilbon eta Gasteizen ere egin dituzte protestak Parisko klima aldaketari buruzko goi bileraren karietara.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2015eko azaroaren 28a
10:16
Entzun

Sistema alda dezagun eta ez klima, Imigranteak Daesh-en lehen biktimak eta Urgentzia klimatikoa da leloak irakur zitezkeen afixetan. Hamalau taldek egina zuten deialdia, tartean, EHBai, NPA, Europe Ecologie Les Verts (EELV) eta PCF alderdiak, ELB, LAB eta Solidaires sindikatuak eta Aitzina gazte antolakundea. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak asteburu osoan manifestazioak egiteko debekua ezarria bazuen ere, Poliziak ez du esku hartu, eta arazorik gabe iragan da mobilizazioa.

Jakes Bortairu EHBaiko kideak larrialdi egoera "inutila" dela salatu du, eta "manifestatzeko eta borrokatzeko eskubidea" aldarrikatu. "Biziki garrantzitsua da gaurko desobedientzia ekintza. Jendartea ez da prest beldurrean itorik egoteko. Daesh-i eta estatuari erantzuteko modurik onena da", esan du.

Serge Nogues Ensemble Pays Basque alderdiko kide eta Baionako hautetsiak salatu du larrialdi egoera ezarria izan denetik herritarren eskubideak "zangopilatuak" izan direla. "Saltegietako elkarretaratzeak ez dituzte debekatu; funtsean, kontsumo gizartea atxiki behar da. Iritzi eta adierazpen askatasunaren kontrako neurriak dira".

Alice Leizagezahar EELVko eskualdeko kontseilariaren ustez, Parisko atentatuen ondoren sortu den egoera klima aldaketaren kontrako mobilizazioak debekatzeko "estakuru" gisa erabiltzen ari da Frantziako Gobernua.

Protesta gehiago Bilbon eta Gasteizen

Alternatibak baditugu, sistema alda dezagun, ez klima lelopean Parisko goi gailurraren harira mobilizatzeko mundu mailako deiari erantzunez bildu dira bai Bilbon bai Gasteizen. Salatu dute Parisko bilkuran hartuko diren erabakiak ez direla ez bete beharrekoak ez eraginkorrak izanen. "Kalitatezko enplegua" bermatuko duen trantsizio ekonomiko eta sozial "justu" bat aldarrikatu dute. Gasteizen ere egin du protesta, xede berarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.