Nafarroako SEMES Larrialdietako Sendagileen Elkarteak mobilizazioak egingo dituela jakinarazi du Larrialdi Medikuntza espezialitate izendatu dezaten lortzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuak 2007an hartutako erabakiaren arabera, medikuntzaren alor horretan lehen mailako espezialitatea sortzeko agindua eman zion gobernuari, eta, SEMESen hitzetan, prestatzen ari diren errege dekretuak ez du eskaera hori beteko.
Larrialdietako Medikuntzak «bigarren mailako» izaera duela azaldu dute, espezialitate horretan aritzeko profesionalek ezinbestekoa dutelako aldez aurretik Familia Medikuntzan, Barne Medikuntzan edota Zaintza Intentsiboko Medikuntzan aritzea. Beraz, larrialdietan jardun nahi duen sendagileak sei eta zortzi urte bitarteko ikasketa prozesua burutu behar du lehenago: lehenik eta behin, arestian aipatutako espezialitateetako bat ikasi, eta ondoren oraindik zehaztu gabe dagoen bi edo hiru urteko egonaldi epea pasa. Gainera, Larrialdietako Medikuntzak duen etorkizun «zalantzazkoa» kontuan izateko eskatu dute.
Honenbestez, datozen egunetan protestak hasiko dituztela aurreratu dute: sinadurak bilduko dituzte espezialitatearen alde, hamar minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte ospitale eta larrialdi zerbitzuen atarietan, eta urriko bigarren hamabostalditik aurrera greba egiteko aukera mahai gainean jarri dute, baldin eta Espainiako Gobernua prestatzen ari den errege dekretuak eskatzen duten baldintza betetzen ez badu.
Larrialdi Medikuntza espezialitate bihur dadila eskatu dute Nafarroan
Espainiako Gobernuak kongresuko erabakiari aurka egin diola salatu dute, eta protestak iragarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu