EURITEAK

Larrialdi plana indarrean jarri du Arabako Foru Aldundiak

Urtegietako ateak ireki dituzte, eta Zadorrak gainezka egin du hainbat lekutan. Alerta horiari eutsi diote Hego Euskal Herrian euriteengatik, gaur arratsaldean eguraldiak okerrera egingo duela iragarri baitute. Lizarran 3,9 metroko altuerara iritsi da Ega ibaia, eta gainezka egin du.

2013ko urtarrilaren 19a
19:05
Entzun

Nafarroan, lehen alerta mailan jarraitzen dute, uholde arriskua dela-eta. Iragarri dutenez, Ega ibaia azken egunetan baino gehiago haziko da. Javier Morras foru gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak azaldu duenez, Uholdeetarako Larrialdi Planaren batzorde aholukaria batzartu da gaur goizean, egoera eta hurrengo egunetako iragarpenak aztertzeko. Ebrori begira ere egon dira, gainezka egin zezakeelakoan.

18:30etan ezagutarazitako datuen arabera, 6,4 metroko altuera hartu du Ebrok Castejonen, eta 3,4 metrokoa Egak Andosillan. 3,9 metrora heldu da Ega Lizarran. Herri horretan gainezka egin du urak.

Larrialdi planaren maila zerotik —apalenetik— batera igotzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, gaur arratsalderako eguraldiak okerrera egin duela-eta. Arazo ugari eragin ditu euriak; Gaztelun (Gipuzkoa), herrirako sarrera itxita dago luizi baten ondorioz. Arratsaldean ireki dute berriz ere.

Araban, larriagoa da egoera, eta larrialdi plana indarrean jarri du foru aldundiak: Zadorrako urtegietako ateak ireki dituzte, eta ibaiak gainezka egin du hainbat puntutan; Gamarran, Abetxukun eta Arkautin, adibidez. Hainbat ur putzu sortu dira, errepide ugari moztu behar izan dituzte, eta etxe batzuetara ere sartu da ura.

Euriteengatik abisu horia mantenduko dute gaurko egun osoan zehar. Izan ere, Euskalmetek zaparrada mardulak iragarri ditu arratsalde-iluntzetik bihar eguerdiraino. Edonola ere, atzeratzen ari da euritea, ateri eusten ari baita eguerdiaz geroztik. Haizearen eta olatuen arrisku maila ere maila horian ezarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.