OSASUNA

Larrialdia ez bada, ordaindu egin beharko da erietxera anbulantzian joateko

Joan-etorria hamar euro kobratzea proposatu du Espainiako Osasun Ministerioak. Hilean gehienezko mugak izango dira gaixoaren errentaren arabera.

2012ko abenduaren 13a
23:10
Entzun

Larrialdia ez bada, ospitalera anbulantzian joateagatik kobratzen hasiko dira Hego Euskal Herrian. Espainiako Osasun Ministerioak joan-etorria hamar euro kobratzeko proposamen bat jarri du mahai gainean, hainbat komunikabidek zabaldu dutenez. Bistan da neurri horrek gaixo kronikoei, errehabilitaziora joan behar dutenei edo erietxean tratamendu bat hartzen ari direnei eragingo diela batez ere. Osasun Ministerioak hilean ordaintzeko gehienezko kopuru bat ezarriko du.

Errentaren araberakoa da lehen muga. Hilean gehienez 60 euro pagatuko dute 100.000 eurotik gorako errenta dutenek; hilean 20 euro, 18.000-100.000 euroko errenta dutenek; eta 10 euro 18.000 baino gutxiagoko errenta dutenek. Anbulantziak maiz erabili behar dituztenek ere gehienezkoa izango dute: sei hilabetean baino gehiagoan behar badute anbulantzia eta astean bi joan-etorri baino gehiago egin behar badituzte, errentaren arabera hilabeterako ezarritako gehienezko kopuruarekin sei hilabeteko zerbitzua pagatuko dute.

Anbulantziengatik ez diete kobratuko honako hauei: sindrome toxikoak dituztenei, elbarriei, gizarte errentak jasotzen dituztenei, ekarpenik gabeko pentsioak jasotzen dituztenei eta laguntzarik jasotzen ez duten langabetuei. Laneko istripuengatik edo gaixotasunengatik anbulantzia hartu behar dutenek ere ez dute ordainduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.