Nafarroako Osasun Plataformak gogor kritikatu du Nafarroako Osasun Departamentuaren jarrera, eta hiru kexa aurkeztu dizkio Arartekoari, "herritar orok osasun arreta jasotzeko duen eskubidea" defenda dezan. Gainera, Nafarroako Gobernuak onartu osasun erreformarako dekretuaren aurka helegitea aurkeztu du, bertan behera utz dezaten.
Plataformako kideek nabarmendu dute dekretu ororen gainetik dagoela 2010. urteko osasun legea, eta arau horrek jasotzen duela Nafarroan bizi den herritar orok baduela eskubidea osasun sistema publikoan arta dezaten. "Paperik gabeko etorkinek ere badute", zehaztu du plataformako eta Munduko Medikuak elkarteko kide Patricia Ruizek. Nafarroako Gobernua, ordea, eskubide hori urratzen ari dela salatu du: "Larrialdietara jo behar izan duten paperik gabeko etorkinei faktura ematen die Osasun Departamentuak".
"Departamentuak dena ukatzen du, baina fakturak hor daude. Departamentuak berak emandako agindua dago egoera horren atzean", erantsi du plataformako eta LABeko kide David Mendazak. Arartekoaren bidez, plataformaren asmoa da zehaztea zenbat etorkinek jaso duten faktura. "Osasuna denon eskubidea da", berretsi dute. Informazio kanpaina hasiko dute hilabete honetan bertan, osasun arloan ari diren profesionalen eta erabiltzaileen artean, dituzten eskubideen berri emateko.