Baionako erietxeko larrialdi zerbitzuek normalean baino jende gehiago jaso dituzte beroaldiaren ondorioz. Antzera gertatu da Donibane Lohizunen eta Maulen, eta Baionako erietxeko komunikazio arduradun Lafforek Berriari segurtatu dio hipertermiak ez duela hildakorik eragin: «Ezohiko egoera izan dugu, baina, Akitanian gertaturikoa ikusirik, beroaldiak ez ditu Baionara bezero ugari ekarri. Etorri direnak ongi artatuak izan dira, geriatria saila garrantzitsua dugulako, eta sail horrek adierazi digu ez dela hildakorik izan». Lafforen ustetan, urgentzietan txandakatu diren erizainek tratu zuzena eskaini diete bezeroei, ura maiz emanez eta lekuak aireztatuz.
Erietxean dagoen CGT sindikatuak, aldiz, bestelako iritzia plazaratu du. Albert Gersel sindikatuko arduraduna «oso harriturik» dago zuzendaritzaren aldetik helarazia izan den adierazpenaz. «Dena ongi joan dela diote, baina larrialdietan oso bestelako egoera izan dugu. Ni neu agorrilaren 15eko gauean lanean nengoen, eta sekulakoak ikusi ditut: ohez gainezka zeuden gelak eta pasabideak, itxaronaldi luzeak (bezero batzuek lau ordu itxaron behar izan zuten artatuak izateko, eta batzuk ez zituzten hartu leku faltagatik)...». Hildakoei dagokienez, Gerselek ez du kopuru zehatzik eman «informazio batzuk sekretupean atxikiak direlako», baina larrialdietako langileek ikusitakoaren arabera, «gorpu biltegia gainezka zegoen. Beste leku batzuetan atxiki behar izan ziren hildakoak, haietariko bi gau oso batez gelditu ziren zerbitzu gela batean». Larrialdietan ari diren erizainak «haserre eta irabiatuak» daudela azpimarratu nahi izan du Gerselek. «70 ohe kendu zituzten Baionan eta Donibane Lohizunen, murrizketak zirela eta. Ondorioz, ez dago lekurik jende guztia aterpetzeko, eta orain ez ikusiarena egiten du zuzendaritzak». Gerselek hitz gogorrak izan zituen larrialdietako arduradun Mathieuren kontra. «Mediku batzuek diote ez dela inoiz agertzen». Oro har, zuzendaritzak «isiltasunaren legea» aplikatzen duela adierazi zion Gerselek Berriari.
Iazko agorrilean izandako hildakoen kopurua kontuan hartzen bada, Ipar Euskal Herrian gertaturiko heriotzak %20 emendatu dira batwz beste. Baina ez dago zenbaki zehatzik ukaiteko paradarik, heriotza agiriek ez baitute normalean zergatian beroaldia aipatzen. Uda normaletan, 10 eta 100 lagun artean hiltzen dira hipertermiaz Frantzian.>
Larrialdiez eztabaida Baionako erietxean
Zerbitzuek ondo funtzionatu dutela dio ospitaleak; CGT sindikatuak, ordea, gogor kritikatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu