Espainiako Zigor Kodeko 579 bis 4 artikuluaren arabera, "erakunde terroristako kide" izatea egotzita ere, epaitutako egitateak "larritasun gutxikoak" badira, epaileek aukera dute zigorra gradu bat edo bi jaisteko. Hori aplikatuta eta Fiskaltzarekin akordioak eginda libratu dira espetxera joan gabe Aztnugal auzikoak eta 04/08 sumariokoak. Irizpide hori dagoeneko epaituta daudenei aplikatu edo ez erabakiko dute orain Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek.
Maiatzaren 13an eutsiko diote gaiari, eta gero, epaimahai bakoitzak kasu bakoitzaren arabera erabakiko duen arren, irizpideak bateratu nahi dituzte. Horretarako, bi txosten izango dituzte mahai gainean: kontserbadoretzat jotzen den Concepcion Espejel epaileak idatziko du bat, eta progresistatzat hartzen den Ramon Saez Valcarcelek bestea. Bi txostenak irakurrita, mahai beraren bueltan eseriko dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile guztiak, eta irizpideak bateratzen saiatuko dira, Parot doktrinarekin egin zuten bezala.