ZUIA (ARABA)Bost hildako eta bederatzi zauritutako goizaldean
Atzoko lehen istripua, eta larriena, A-68 autobidean gertatu zen Zuia parean (Araba). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi zuenez, goizaldeko ordu bata baino lehen jazo zen ezbeharra, eta bertan, bost pertsona hil eta berederatzi zauritu ziren. Herrizaingo Sailaren arabera, sei autok elkar jo zuten ezbeharrean, eta horietako hirutan sua piztu zen. Auto batean lau pertsona harrapatuta geratu ziren, eta bertan kiskalita hil ziren. Hildakoak, Terueldik (Espainia) jaiegunak pasatzera Bilbora zetozen 22 eta 26 urte bitartean zituzten lau gazte dira: R.F.B., S.M.T., M.J.L.S eta A.M.R. Bosgarrena, ezbeharra gertatu zen lekutik metro gutxira hil zen, istripua izan zutenei laguntzera bere autotik irten zenean, beste auto batek harrapatuta. Hildakoa, 48 urteko P.A.S. gasteiztarra da.Ezbehar berean, bederatzi pertsona zauritu ziren. Hauek, Gasteizko ospitaleetara eraman zituzten: Txagorritxu ospitalera 22na urteko M.B.I eta E.V.M, 28na urteko B.C.M. eta V.N.A eta 24 urteko E.G.C. Santiago ospitalera eraman zituzten, berriz, 21 urteko J.G.E iruinsemea, 28na urteko O.O.E eta M.V.M. eta 28 urteko J.R.F. getxoztarra. Autopista itxita egon zen istripuaren ondorioz, eta Ertzaintzak trafikoa desbideratu behar izan zuen. Goizeko, 06:30ak aldera zabaldu zuten berriz errepidea.
ARMIÑÓN (ARABA)Hiru hildako eta zazpi zauritutako eguerdian
Eguerdi aldera, beste istripu bat gertatu zen Araban. Hiru pertsona hil eta beste zazpi zauritu ziren, Armiñónen (Araba) izandako auto istripuan. Goizeko 11:30ean N-1 errepidean bosna lagun zeramatzaten bi autok elkar jo zuten. Istripuaren ondorioz, une hartan bertan 68 urteko gizonezko bat (FP.M.I.) eta adingabeko bat (J.L.M.) hil ziren eta, beranduago, ospital zentroetara zaurituta eramandako emakumezko bat hil zen (66 urteko C.L.L.C. ). Gainontzekozaurituak Gasteizko eta Miranda de Ebroko (Burgos) ospitaleetara eraman zituzten. Arratsaldean, beste bi pertsonak senda-agiria jaso zuten.
IRUÑA OKA (ARABA)Hildako bat eta hainbat zauritu
Arratsaldeko 20:30ean, N-1 errepidean, Iruña Oka parean, emakume bat hil zen hainbat autok elkar jo ostean. Informazio hau idazteko orduan zaurituak bazirela baieztatu zuten, baina ez zuten zenbat ziren zehaztu.
EZKIO-ITSASO (GIPUZKOA)Hiru hildako bi istriputan
Araban izandako istripuez gain, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) bi istripu gertatu ziren GI-632 errepidean, 200 metroko tartean. Lehen istripua arratsaldeko 17:30ean gertatu zen: anbulantzia bat errepidetik irten eta etxe bat jo zuen. Ezbeharraren ondorioz, bi erizain barruan harrapatuta geratu ziren eta, zaurituak bertatik ateratzeko suhiltzaileen laguntza behar izan zuten. Anbulantziako gidaria A.G.R. eta erizaina J.C.R.L. larri zauriturik eraman zituzten Zumarragako ospitalera. Bertan hil ziren. Ezbeharra izan zuen anbulantzia Ordiziara (Gipuzkoa) zihoan, arratsaldean sute baten ondorioz etxe bat hustu beharizan zutela eta. Arreta zerbitzuak eskaintzera zihoazen hildakoak.Handik bost minutura, errepide berean, aurreko istripua izandako lekutik 200 metrora auto batek oinezko bat harrapatu zuen. Oinezkoa, 80 urteko J.E.U legazpiarra, ospitalera eraman zuten zauri larriekin, eta handik gutxira hil zen.
-
Errepideei lotutako datuak
Hildakoak: 2002. urtean 272 lagun hil ziren Hego Euskal Herriko errepideetan izandako auto istripuen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobenuak emandako datuen arabera. 2001. urtean, aldiz, 17 lagun gehiagok galdu zuten bizia auto istripuetan: guztira 289 izan ziren hildakoak.
Ibilgailuak: Auto kopurua etengabe handitzen ari da urterik urte. 2002ko abenduaren 31n 1.108.552 ibilgailu zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan, aurreko urtean baino 25.562 gehiago. 1994. urtean, aldiz, 825.000 ibilgailu zeuden hiru herrialdeetako errepideetan.
Gidariak: Iazko urtearen amaiera arte, guztira 1.142.787 herritarrek zuten gidatzeko baimena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik %63,2 gizonezkoak ziren, eta %36,8 emakumezkoak.
Istripuak eta egunak: Estatistiken arabera, errepideetako ezbehar gehienak ostegun, ostiral eta larunbatetan gertatzen dira. Hala ere, istripu larri gehiago gertatzen dira larunbat eta igandeetan. Orduen inguruan ere bada ezaugarri nabarmenik: istripu gehien-gehienak arratsalde partean izaten dira, bi denbora tartetan bereziki: 13.00etatik 14.00etara batetik, eta 18.00etatik 19.00etara bestetik
Istripu motak: Normalean abian doazen ibilgailuen arteko talkak izaten dira istripu arruntenak. Ondoren, errepidetik irteteagatik izaten diren ezbeharrak daude.
Arrisku guneak: Hego Euskal Herrian arrisku handiko 341 errepide zati daude guztira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Nafarroako Gobernuko Garraio Sailak egindako ikerketaren emaitzen arabera. Gune garrantzitsu gehienak Bizkaiko errepideetan kokatzen dira: 187 orotara, horietako 22 oso arriskutsuak direlarik.
Neurrien ondorioak: Trafiko lege berriek eta erakunde publikoek bultzatutako zerbitzuen eskaintza handitzeak istripu kopurua gutxitzen lagundu dute azken urteotan Euskal Herrian.
Nafarroako estatistika beltza: Nafarroa izan da azken urteotan Euskal Herriko errepideetan hildako gehien izan duen herrialdea. Kopuru horrek, baina, nabarmen egin zuen behera iaz: joan den urtean 2001. urtean baino 11 pertsona gutxiago hil ziren bertako errepideetan.