Aurtengoak emandakoa baloratu, eta datorren urterako erronkak zehaztuko ditu Uema Udalderri Euskaldunen Mankomunitateak, larunbatean. Urteroko batzarra egingo dute Legorretako Herri Antzokian, 10:00etan hasita. Iazko egitasmo nagusien balantzea egingo dute aurrena: Arnasguneak: prebentziotik garapenera dokumentua —Uemak, Kontseiluak, UEUk eta Gaindegiak elkarlanean egindako lana da—, turismo guneetan bisitariei egindako inkestaren emaitzak eta ondorioa eta Zerainen ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak izandako garapena hartuko dituzte hizpide.
Datorren urterako erronken artean, berriz, "etorri berrientzat landu beharreko egitasmoak, turismo guneetarako ekimenak eta hezkuntza proiektua sendotzea" jorratuko dituzte, Uemako kideek aurreratu dutenez. Udal eta foru hauteskundeak ere izango dira maiatzean Hego Euskal Herrian, eta Uemaren lana eta ildoak erakusteko eta horien garrantzia ikusarazteko formakuntza saioak eskainiko dizkiete udal ordezkari berriei.
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortua, 1991n egin zuen Uemak lehen batzarra, eta 17 udalek hartu zuten parte. Gaur egun, 86 udal dira mankomunitateko kide.