Euskal Herriko herri mugimenduko hainbat eragilek eta Kataluniako Stops bales de goma elkarteak Iñigo Cabasen heriotza eragin zuen "polizia bortizkeria salatzeko nazio manifestazioa" iragarri dute larunbaterako. Gaur goizean aurkeztu dute manifestazioa, Bilbon.
Iñigo gogoan zaitugu. Indarkeria poliziala stop! leloa eramango du, eta 17:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik.
Agerraldian izan dira, besteak beste, Urtzi Ugalde eta Alfonso Aranguren Iñigo Gogoan plataformako bozeramaileak eta Carles Guillot Stops bales de goma elkarteko kidea.
Gertatutakoaren inguruko ikerketa "sakon eta independente bat" egiteko eskatu dute gaurko agerraldian, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari "erantzukizun osoa" hartzeko eta dimisioa emateko dei egin diote. "Ez dugu sinesten oraindik Iñigo nork hil zuen ez dakitela", gaineratu dute.