Atzo egin zuten egitarauaren berri emateko agerraldia antolatzaileek, eta azken orduko aldaketak eginda eman behar izan zuten mezua: Askapenaren aurkako operazioaren «azken kolpea» salatuta; herenegun atxilotutako Uberka Bravo aska dezatela eskatuta. Mureten sartu dute preso,eta datorren asteartean aztertuko dute euroagindu eskaera. Irailaren 30etik preso dauden Askapenako kideak libre uzteko ere exijitu zuten.
Talde internazionalistaren ustez, «herrion elkartasuna zanpatzea, Euskal Herriak egun duen egoera zapuztea eta herri mugimenduei erasotzea» izan da Askapenaren aurkako operazioaren helburua. Taldeak bere eremuan «lan publiko eta agerikoa» besterik ez duela egin ohartarazi du. Bi norabideetako lana egin duela: «Munduko herrien borrokak gertutik ezagutu eta Euskal Herrian zabaldu», eta, «gure herriak duen egoera nazioartean ezagutarazi». Lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Ezker abertzaleak bat egin du Internazionalista Egunarekin, «Euskal Herriaren independentziaren alde zein munduko burujabetzaren alde» egiten duelako.
Egitaraua
HILAK 16, LARUNBATA11:00etan, Ziortza-Bolibarren. Bolivarren omenaldia.
11:00etatik aurrera, Gernikan. Kultur gunea Merkatu plazan. 14:00etan herri bazkaria. 19:00etan, ekitaldi politikoa Gernikako Pasealekuan. 21:00etan, kontzertuak. Gero, DJ Bull-ek girotuko du gaua Gaztetxean.