Larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsuaren deitzaileek berretsi dute eskubideen eta elkarbizitzaren alde egitea zela haien helburua. "Hori lortu nahi genuen deialdiarekin, eta hori da lortu duguna", esan dute, agiri batean. Haien arabera, adierazpen askatasuna aldarrikatzea zen martxaren helburuetako bat, eta, "koherentziaz", Adierazi EHko kideei eman zieten hitza. Nolanahi ere, kritikak errespetatzen dituztela esan dute, "gure iritziarekin bat etorri ez arren".
Ika-mika sortu da manifestazioaren harira. EAJko buruzagiak kexu azaldu dira Adierazi EHk hitza hartu zuelako. Haien arabera, antolatzaileek ez zieten horren berri eman. Deitzaileek diote akatsa, izatekotan, nahigabe egina dela. "Nolanahi ere, errespetatzen ditugu, bat etorri ez arren, deialdiarekin bat egin ez zutenen erabakia, eta deialdiaz behar bezalako informazioa jaso ez zutela uste dutenen kritikak eta erabakiak ere bai".
Deitzaileek sinatutako agiriak dio baliagarria izan dela eskubideen aldeko eta debekuen aurkako martxa. "Manifestazioak erakutsi du gure herritarren zati handi bat ados dagoela martxa deitu genueon asmoekin eta helburuekin". Hala ere, gogoeta egiteko eskatu die hartan izan zirenei: "Manifestazio plural bat egin behar da joaten direnekiko errespetuz, batzen dituzten leloak errespetatuz, beste lelo batzuekin lelo horiek gainditu gabe, eta elkarrekiko konfiantza sortuz".
politika
Larunbateko manifestazioa eskubideen eta elkarbizitzaren aldekoa zela berretsi dute deitzaileek
Bilboko martxaren harira sortutako eztabaida dela-eta agiria atera dute deitzaileek. Martxaren helburuetako bat adierazpen askatasuna eskatzea zelako hartu zuten Adierazi EHko kideei hitza ematea. EAJ kexu azaldu da; esan du ez zekiela Adierazi EHk hitz egingo zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu