Politika

Larunbateko manifestazioan Adierazi EHko ordezkariei hitza eman izana kritikatu du Urkulluk

Antolatzaileekin saminduta agertu da jeltzlaeen presidentea, "EAJ baztertzea helburu duen plataforma baten" bozeramaile izatea leporatu die. Larunbatean Gipuzkoako EAJk aurkeztutako 'Batu gaitezen' ekimena herrialde horretara mugatzen dela azpimarratu du.

2010eko urriaren 4a
08:13
Entzun
Larunbatean Bilbon eskubideen alde egin zen manifestazioaren antolatzaileekin haserre antzera agertu zen atzo Iñigo Urkullu EAJko presidentea, hain zuzen ere, protesta martxaren amaieran Adierazi EHko ordezkariei hitza eman zitzaielako. Urkulluren arabera, plataforma horren helburua "EAJ baztertzea" da, eta antolatzaileek ez zieten jakinarazi amaiera ekitaldian haiek hitzegingo zutela. Hori dela eta, antolatzaileek huts egin zietela azpimarratu zuen.

Bilboko manifestazioa herritar talde batek antolatu zuen, besteak beste Paul Rios Lokarriko buruzagiak, Txaro Arteaga Emakundeko idazkari nagusi ohiak, Ramon Zallo EHUko irakasleak eta Maixux Rekalde Elkarri-ko buruzagi izanak. Espainiako Auzitegi Nazionalak beste bi manifestazio debekatu ostean antolatu zuten herritar horiek larunbatekoa. Adierazi EHk eskubideen alde irailaren 11rako deitu zuena galarazi zuten lehendabizi, eta herritar talde batek egun bererako antolatutakoa hurrena. Adierazi EHren ekimenak ezker abertzalearen, Aralarren, EAren eta Alternatibaren babesa zuen; ez, ordea, EAJrena. Jeltzaleek azken ekimen honi bakarrik agertu diote babesa, manifestaziorako deialdirik egin gabe, baina ordezkaritza bat bidalita.

Bestalde, Gipuzkoako EAJk larunbatean plazaratutako Batu gaitezen ekimenari buruz ere hitzegin zuen atzo Urkulluk: ekimen horrek ez duela deseroso sentiarazten ziurtatu zuen, baina era beran, zehaztu, Gipuzkoan pentsatu eta Gipuzkoara mugatutako ekimena dela. EAJko presidenteak nabarmendu zuen herrialde horren "sozio-politikari" erantzuten diola. Larunbatean Joseba Egibar GBBko presidenteak aurkeztu zuen proposamen hori, eta, bakearen eta erabakitze eskubidearen defentsa ditu oinarri. Bide horretan, ETAk armak behin betiko uztea eta Espainiako Alderdiak Legea baliogabetzea eskatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.