"Herri erantzuna apartekoa izan zen". Hala laburbildu zuen atzo Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak larunbatean BIlbon Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean eginiko manifestazioa. Barrenaren ustez, "herri oso batek" bat egin zuen larunbatean martxarekin.
"[Martxak] guztiok interpelatu gaitu, eta guztiok atera behar ditugu ikasgaiak", esan du. Hori horrela, Sortuk dei egin die indar politiko eta sozialei eta euskal herritarrei "herri zein herritar gisa dagozkien eskubideak eskuratu eta gauzatzeko elkarlanaren bideari ekiteko".
PSE-EEko bozeramaile Idoia Mendiaren arabera, ordea, "Sorturen txalo jotzaile gisa" jardun zuen EAJk larunbateko manifestazioan. Haren ustez, "lidergo abertzalearen lehian sortutako kezkengatik" joan zen EAJ martxara. Espainiako Gobernuaren kontra ere mintzatu da Mendia: "Demokratok ETA garaitu dugu, baina PPren gobernuaren hanka-sartzeen eraginez garaipen bat porrot bihur dezakegu". Bideoa: Idoia Mendiaren agerraldia.
[Youtube]http://youtu.be/741q6mSrq_s[/Youtube]
PPk, berriz, uste du "noraez demokratikoan" dagoela EAJ. PPko Bizkaiko presidente Anton Danborenearen arabera, EAJ larunbateko manifestazioan egon izana "tamalgarria eta patetikoa" da, "epaileek debekatutako manifestazio bat babestu" zuelako.