Jardueren programa 11:00etan hasiko da, Areatzan. Hirurehundik gora autobus iritsiko dira Bilbora. Gomendioa goizean joatea da, zirkulazio arazorik ez izateko eta egun guztiko jarduerez gozatzeko. Nolanahi ere, garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute, eta, ahal dela, autoz ez joateko, sekulako kolapsoa izango baita seguruena Bilboren erdialdera sartzeko bideetan.
Marea gora 17:30ean izango da, eta bi olatu handi abiatuko dira, bata Casillatik eta bestea udaletxetik. Bizkaitik eta Arabatik doazenek Casillara joan behar dute. Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Iparraldetik doazenek, berriz, udaletxera.
Itsasoan parte hartu behar duten guztiek tanta behar dute, nork berea. Goizean, Areatzan eros daiteke, eta arratsaldean, itsasoaren ibilbidean zehar.
Larunbatean egun horretarako espresuki egindako materiala jarriko da salgai. Goiz-goizetik erosteko modua izango da Areatzan, eta arratsaldean itsasoaren ibilbidean.
Mila lagun inguru arituko dira lanean dena behar den bezala atera dadin: artistak, profesionalak, boluntarioak… Haien jarraibideak kontuan hartzeko eskatu dute antolatzaileek.
Areatzako gunean, nazioarteko prentsarentzako gune bat zabalduko dute. 11:00etatik aurrera egongo da irekita, eta, bertan, informazioa eta kreditazioak emango dituzte arratsaldeko itsasorako.
Aplikazio informatiko bat sortu dute Bilboko itsasoaren berri emateko. Sakelako telefonoekin eta Android tabletekin funtzionatzen du. Play Store-tik deskarga daiteke (Tantaz tanta du izena) etzi erabiltzeko. Bestalde, egun horretan #ItsasoaGara traolarekin egiten diren txio guztiak webgunearen mapa interaktibo batean agertuko dira (http://zuzenean.tantaztanta.info)
Argazkilariei, bideo-egileei eta sare sozialen erabiltzaileei eskaera egin diete urtarrilaren 11n beren tanta eman dezaten, egun horretan, komunikazio itsaso handia jarriko baitute martxan. Antolatzeko, tanta horiek guztiak Areatzako prentsa gunean elkartuko dira, 10:30ean.
Azkenik, ekimen honen parte izatera animatu dute. Horretarako, www.tantazta.info webgunean sartu eta tanta egiteko aukera dago.