Urriaren 15a egun berezia izan zen Tolosan (Gipuzkoa).Lasa eta Zabala filmaren aurrestreinaldia izan zen, eta emozioz eta hunkituta gogoratu zituzten GALek hildako bi gazte tolosarrak. Asteburu honetan ere, gogoan izan dituzte herriko hilerrian. Filmaren aurrestreinaldian lore sortak eskaini zizkieten bien gertukoei; oraingoan, berriz, haiek izan dira Lasa eta Zabalari eskaintza egin dietenak.
Euskal Herriko gertuko historiaren pasarte beltzenetako bat kontatzen du pelikulak, Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatu gazteak bahitu, torturatu eta hil zituztenekoa. Aurtengo Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten lana, lehiaz kanpo.