Estatu terrorismoa

Lasa eta Zabalaren oroimena, 35 urtera

Senideek antolatuta, ekitaldia egin dute Bentaundiko oroigarrian (Tolosa, Gipuzkoa). Atzo bete ziren 35 urte bi gazteak desagerrarazi zituzten egunetik. Bahitu, torturatu, eta hil egin zituen GALek.

Aurreskua, Lasa eta Zabala oroitzeko ekitaldian. JON URBE, FOKU
2018ko urriaren 16a
21:10
Entzun

35 urte bete ziren atzo Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu zituztenetik. Baionan izan zen, errefuxiatu batek Arrangoitzeko festetara joateko utzi zien autoa hartzerakoan. Ondoren, torturatu eta tiroz hil zituzten, Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak). Donostiako La Cumbre jauregian ere izan zituzten aurrez.

Gaur gogoratu dituzte biak beraien jaioterrian, Tolosan (Gipuzkoa). Senideek deituta, herritar ugari izan da ekitaldian, eta ordezkari politiko zenbait ere bai: Sortuko Arkaitz Rodriguez eta EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Julen Arzuaga, besteak beste. Lasaren eta Zabalaren argazkiak jarri dituzte Bentaundiko oroigarrian, eta han loreak uzteaz gain, Txoriak txori kantatuz oroitu dituzte.

Gurutzebide luzea

1984an desagarrarazi bazituzten ere, 1995 arte ez zen haien aztarnarik izan; urte hartan identifikatu zituzten bi gazteen gorpuzkinak. 2000ko apirilean eman zuen auziko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak: Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak, eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila zigortu zituen, legez kanpoko atxilotze eta hilketa delituengatik. Inork ez zuen zigorra osorik bete: 2005erako, kalera irteteko aukera zuten denek, libre edo hirugarren graduan.

Arzuagak ohartarazi du biktima batzuk "baztertuta" daudela, eta salatu du "inpunitatea" izan dutela GALena bezalako zenbait hilketek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.