Berdintasuna

Lasa: "Nafarroak %66 jaitsi ditu teknikarientzako laguntzak"

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari Teresa Nagorek bertze 22.000 euro banatzeko deialdia eginen dutela erran du parlamentuan.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari Teresa Nagore, azalpenak ematen. ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2014ko urriaren 7a
12:33
Entzun

Nafarroako Gobernuak 211.000 euroko diru saila zuen, 2014. urte honetarako, udaletxeen artean banatzeko, berdintasunerako teknikariak kontratatzeko eta berdintasun planak egiteko. Horixe erran du Teresa Nagorek parlamentarien aurrean. Zehaztu du, hala ere, diru sail horrekin aurreko urteko gastuaren zati bat ordaindu behar izan duela Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak. Hori dela eta, bertze 22.000 euro banatzeko deialdia eginen dutela iragarri du. Zehaztu du, gainera, Berriozarko Udala izan dela bere aurrekontuan murrizketa izan duen bakarra. Atarrabiako Udalari diru laguntza ukatu zaiola onartu du, "deialdian jasotako baldintzak ez betetzeagatik".

Oposizioko taldeek ez dute irakurketa bera egin Nafarroako Gobernuaren berdintasunaren arloko politikei buruz. Aralar-NaBaiko Xabier Lasak nabarmendu du, hain zuzen ere, 2011. urtetik berdintasun teknikariak kontratatzeko eta berdintasun planak egiteko laguntzek %66 egin dutela behera. "2011. urtean 542.000 eurokoa zen diru laguntza; 2014an, berriz. 184.000 eurokoa izan da". Lasak argi utzi du gobernuak aurtengo deialdien inguruan onartutako foru aginduetan aipatzen dela laguntzen kopurua 184.000 eurokoa dela, eta, ez, ordea, 211.000koa, Teresa Nagorek erran bezala. Are gehiago, 22.000 euro banatzeko deialdi berria "hutsak onartzeko" modu bat dela erran du.

Bilduko Bikendi Bareak ere zalantzan jarri du Nafarroako Gobernuak berdintasunarekin duen konpromisoa, eta hainbat txostenek gertatutako murrizketak agerian uzten dituztela azaldu du. PSNko Victoria Arraizak, halaber, Nafarroak arlo horretan "atzera" egin duela uste du, eta neurriak eskatu dizkio gobernuari. Ezkerrako Txema Mauleonek Teresa Nagoreren kargua bera jarri du zalantzan. "Ni institutua izatearen alde nago, baina baldin eta eraginkorra bada". Murrizketak salatu ditu Geroa Baiko Patxi Leuzak ere, eta PPNko Amaia Zarranzek  berdintasun planen eraginari buruzko ikerketak eskatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.