Andres Ventanas ohi bezala zebilen egun hartan, Interneten, akzioen salerosketan. Banketxearen orrian sartzearekin batera, ordea, lehenengo ezustea hartu zuen: 300 euro falta zitaizkion. Bigarrena heldu zen VISAren saldoari begiratu zionean, behar zuena baino txikiagoa baitzen. «Guztira, 1.200 euro desagertuta zeuden», kontatu dio BERRIAri. Madrildik atera zioten dirua.
Argi zeukan zer egin. Aurrena, txartelak bertan behera utzi zituen; gerora, Euskadiko Kutxaren auzoko bulegora joan zen. «Egin beharreko guztiak, salaketak-eta, Kutxaren kontu zirela esan zidaten». Gazteak dio finantza erakundeak «primeran» tratatu duela. Izan ere, egun gutxi batzuetan berreskuratu zuen lapurtutako diru guztia, bai eta txartel berriak jaso ere.Ventanasek aitortu du «kezkaz» erreakzionatu zuela ustegabea lapurreta bat zela jakitean, «zeren eta horrelako iruzurrak soilik hiriburu handietan gertatzen zirela uste nuen». Aitzitik, larritasuna berehala uxatu zuen, «Euskadiko Kutxak ardura hartu zuelako berandu baino lehen».Horregatik, kutxazainak «lasaitasun osoz» erabiltzen jarraituko duela dio: «Betiko moduan jarraituko dut, dirua ateratzera zoazela ez baituzu pentsatzen lapurren baten kamara txiki ezkutuak ba ote dauden, eta ez zara hasiko, adibidez, zenbakia tapatzen, ez baitakizu zer-nolako sistemak erabiltzen ari diren...».
«Saihestezina, kasik»
Segurtasuna areagotuta ere, lapurtu nahi duenari aurre hartzea «oso zaila» dela uste du, «saihestezina, kasik», teknologia, gaur egun, oso bizkor doalako guztientzat. Baina beste neurri batzuk eraginkorragoak direla adierazi du: «Bezeroaren ikuspuntutik, kontua da finantza erakundeek aseguru onak izatea gertatzen diren iruzurrei aurre egin ahal izateko».
TXARTELEN IRUZURRA
«Lasaitasun osoz erabiltzen jarraituko dut»
Andres Ventanasi 1.200 euro atera zizkioten Madrildik, txartela Gasteizko kutxazain batean bikoiztu ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu