Esa-ko urtegia

Lasaitasuna urbanizazioko bizilagunek Nafarroako Parlamentuaren bitartekaritza eskatu dute

Ia urtebete eman dute jada haietako hainbatek etxetik kanpo, Esako urtegiko eskuineko hegaleko lur mugimenduen ondorioz.

Kaltetutako bizilagunak. I. URIZ, ARP
edurne elizondo
2014ko urtarrilaren 8a
15:17
Entzun

"Beldur gara; kezkatuta; Ebroko Ur Konfederazioa eta Nafarroako Gobernua ez dira gutaz arduratzen ari". Horixe salatu du Lasaitasuna urbanizazioko Jorge Holguinek, Nafarroako Parlamentuko Sustapen Batzordearen aurrean. 2013ko otsailaren 8an, urbanizazio hori husteko agindu zuen Nafarroako Gobernuak, Esako urtegia handitzeko lanen ondorioz eskuin hegala mugitzen hasi zelako. Oraindik gehienak ezin izan dira itzuli. Bizilagunek salatu dute, gainera, haiek eskatutako txostenen arabera egoera Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu baino larriagoa izan daitekeela. "Lurra mugitzen ari da, oraindik ere", gaineratu du Holguinek. Ez dute argi noizbait urbanizaziora itzuli ahal izanen diren edo ez. "Konponbidea" eskatu diete Ebroko Ur Konfederazioko eta Nafarroako Gobernuko arduradunei, eta lortzeko, Nafarroako Parlamentuaren bitartekaritza eskatu dute. Sustapen Batzordeko kideei, gainera, urbanizaziora bisita egin dezatela eskatu diete.

Bilduko Victor Rubiok erran du bisita hori eskatu eginen duela bere taldeak. "Eskandalu politikotzat" jo du Esan gertatzen ari dena, eta urtegia handitzeko lanek enpresa eraikitzaileei baino ez dietela mesede egiten salatu du. Ezkerrak eta Aralar-NaBaik ere gogor kritikatu dute Esako bizilagunen egoera. UPNk, berriz, Bilduri egotzi dio "alarma piztea". Bildu Esako bizilagunak  "erabiltzen ari" dela erran du Marivi Castillok. Urtegiko lanen ardura Ebroko Ur Konfederazioarena dela nabarmendu du. PSNko Maite Esporrinek salatu du bizilagunek eskuineko hegaleko egoeraren informaziorik jaso ez izatea. PPNko Eloy Villanuevak, berriz, bizilagunek informaziorik jaso ez dutela "sentitzea" jo du kezkagarritzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.