Frantziako Legebiltzarrerako bozek aldaketa ekarri dute Ipar Euskal Herriak dituen ordezkarien aulkietan. Jean Grenetek eta Michele Alliot-Mariek hauteskundeak galdu dituzte bigarren itzulian, eta soilik Jean Lasallek eutsi dio lehendik zuen aulkiari.
Jean Lassallek (zentroa) botoen %50,98 lorturik atxiki du diputatu kargua laugarren barrutian. Lehen itzulian aurreneko indarra atera bazen ere, PSko hautagai Frantxua Maitiak ez du lortu Lassalleri nagusitzea. EH Baik ez zuen boto kontsignarik eman, sozialistekin dituzten "ezberdintasunak" ikusirik, eta Maitiak abertzaleen sostengua jasotzea espero zuen arren, ez da nahikoa izan.
Bosgarren eta seigarren barrutietan, ordea, sozialistek garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte, batik bat, seigarrenean. Sylviane Alaux (PS) Michele Alliot-Marie UMPko hautagai eta azken bost urteetako diputatuari nagusitu zaio. Michele Alliot-Marie (UMP) kanpora doa botoen %48,38 eskuraturik.
Bosgarren haustesbarrutian Colette Capdevielle (PS) nagusitu zaio Jean Greneti (UMP), botoen %56,47 lorturik. Lehen itzuilan Capdeviellek zazpi punturen aldea lortu zuen, eta, atzo, tarte hori hamahiru puntura arte handitu zen.
Parte hartzea
Lehen itzuliari konparatuz, abstentzioa hein berekoa izan da bosgarren eta seigarren barrutian, ahulagoa laugarrenean. Bosgarren hautesbarrutian parte hartzea %58,34koa izan da, seigarrenean %59,02koa eta laugarrenean %66,17koa.