Aldaketarik ez Ipar Euskal Herrian. Orain arteko diputatu berak joanen dira Frantziako Legebiltzarrera, hau da, Jean Lassalle (UDF) laugarren hauteskunde barrutitik, Jean Grenet (UMP) bosgarrenetik eta Daniel Poulou (UMP) seigarrenetik. Poulou Michele Alliot-Marieren ordezko gisa aurkeztu da, duela bost urte bezala. Alliot-Mariek Frantziako Gobernuan jarraituko duenez, Poulouk hartuko dio diputatu aulkia.
Laugarren hauteskunde barrutian zegoen zalantza, eta, azkenean, UDF-Modemeko hautagai Jean Lassallek segituko du diputatu karguan. Nahiz eta lehen itzulian Herve Lucbereilh UMPkoa nagusitu zitzaion, bi itzulien artean egin duen kanpainaren ondorioz, Lassallek lehen itzulian baino boz gehiago eskuratu zituen herenegun, eta UMPkoari alde handia atera zion. Bozen %40,37 lortu zituen Modemeko hautagaiak. UMPkoa %33,65ean gelditu zen eta PSko Jean-Pierre Domecqek %25,98ko emaitza lortu zuen. Ipar Euskal Herrian, Lassalleren emaitza berdintsua da. Baina PSkoak emaitza orokorretan baino lau puntu gutxiago dauzka, eta beste hainbeste gehiago UMPkoak.
Lehen itzulian baino parte-hartze handiagoa izan zen laugarren hauteskunde barrutian. Ipar Euskal Herrian Biarnon baino abstentzio handiagoa bazen ere (%31,28), aitzineko igandean baino hiru puntu apalagoa zen. Hiru puntu apalagoa izan da abstentzio orokorra ere.
Abstentzioa lehen itzulian baino hiru puntu handiagoa izan da seigarren hauteskunde barrutian, eta bi puntuz handiagoa bosgarrenean. Halaber, boto baliogabeak gorakada nabarmena ukan du hiru hauteskunde barrutietan. Bosgarrenean, adibidez, lehen itzulian baino 1.279 boz baliogabe gehiago izan dira. Abertzale anitzek baliogabera jo dutela pentsa daiteke. Seigarrenean lehen itzulian baino 1.436 boz baliogabe gehiago izan da.
Boz baliogabe kopuruak anitzez gorakada apalagoa ukan du laugarrenean, 425 gehiago baizik ez baitira izan. Emaitza horien arabera, pentsa daiteke PSko hautagaiak ez duela abertzale anitzen babesik ukan. Alabaina, Berdeek, PCFk eta LCRk lehen itzulian lortu bozak gehituz gero, 5.073 boz lirateke Domecquek Ipar Euskal Herrian bilduak. Abertzaleek 3.325 lortu zituzten. Abertzaleek ez dute UMPren alde bozkatu. CPNTren eta UMPren lehen itzuliko boz kopuruen batuketa ia-ia UMPren bigarren itzuliko emaitzaren heinekoa da. Abertzale frankok Jean Lassalleren alde bozkatu bide dute, UMPri bidea ixteko.
Lassalle, Grenet eta Poulou izanen dira Ipar Euskal Herriko ordezkariak Legebiltzarrean
Orain arteko diputatu berek jarraituko dute karguan, hau da, UMPko bik eta UDF-Modemeko batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu