"Hitzarmen mamitsua egitea eta Euskal Herriaren berezitasunak kontuan hartzea galdetuko diogu", Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak zehaztu dionez BERRIAri. Euskal lurralde elkargoaren berri ere emanen diote, baina, dioenez, ez da hori izanen bileraren gaia.
Gaur bildu da Lasserre Philippe Yvin Lehen ministroaren aholkulariarekin. "Argi utzi diot lurralde hitzarmenak mamitsua izan beharko duela, bestela ez dela ibiliko". Euskal lurralde elkargoaz gutxi mintzatu dira: "Ez nintzen horri buruz hitz egiteko biltzen harekin". Bilera hori Jean-Marc Ayrault lehen ministroak Lasserre eta Etxetori igorri gutunaren segida da. Gutunean proposatzen zuen elkarrekin biltzeko aukera.
Batera-k bere lau aldarrikapenak —euskal lurralde elkargoarena barne— karrikara atera zituen larunbatean Maulen. Frantziako Gobernuaren "mespretxua" salatu zuten orduan 3.500 lagunek. Borroka ziklo berri bat abiatuko dutela argi utzi zuten Mauleko plazatik, Martine Bisauta eta Mixel Berhokoirigoin Batera-ko ordezkariek.