Naiara Pinedo. Ama kaltetua

«Laster ikusiko ditugu 'Haurrik ez' dioten kartelak»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko Style kafetegiak hartutako neurriak kalte egiten dion gurasoetako bat da Naiara Pinedo. Hirukiderekin harremanetan jarri zen, kasua hedabideetan ikusi ostean, berari ere sartzea debekatu ziotela adierazteko. Dena den, ez da haurragatik ohartarazten dioten lehen aldia.

Nola debekatu zizuten kafetegian sartzea?

Bilbon nenbilen, erosketak egiten, eta euria hasi zuen. Lau hilabeteko haurrari bularra eman behar nion, eta horregatik sartu nintzen kafetegira. Behin baino gehiagotan izana nintzen bertan, eta ez nuen sekula arazorik izan. Bada, bertara sartu eta eseri nintzenean, hango langile batek esan zidan haurrak debekatua zuela bertan egotea, eta mesedez alde egiteko. Nik arrazoia jakin nahi izan nuen, eta erantzun zidan dirudienez kafetegiaren jabeak arazoak izan zituela adingaberen batekin tabako makina zela eta, eta horregatik 18 urtez azpikoei sarrera galaraztea erabaki zuela.

Ez da horrelako zer edo zer gertatzen zaizun lehen aldia, ezta?

Ez, Bilboko Domine hotelean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Bertan haurrari bularra ematen ari nintzen, bi hilabete zituen orduan. Hango langile batek mesedez eskatu zidan beste areto batetara joateko, eta nik han geratzea nahiago nuela esan nionean, azaldu zidan gu geunden aretoan adingabeek debekatuta daukatela sartzea.

Zer deritzozu hartu duten neurri horri?

Egia esanda, lehenengo aldian ez nion garrantzirik eman. Bigarren kasu honen ostean, ordea, deigarria iruditu zitzaidan debekua, eta gaizki sentitu nintzen. Haurra izateagatik diskriminatu nindutela sentitu nuen. Martxa honetan, laster tabernetako ateetan bi kartel jarriko dituzte: Txakurrik ez eta Haurrik ez.

Eta nola hartu duzu ostalariek debekua defendatu izana?

Nire ustez, zenbait kasutan, haurrak kafetegietan egotea ez da egokia, aztoratu egin daitezkeelako. Baina hori gerta ez dadin, gurasook hartu behar ditugu neurriak, ez ostalariek, eta haurra ostatu barruan zintzo egoteko gai ez bada, kanpora atera beharko dugu gurasook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.