Ustezko bi etakide atxilotu zituzten asteartean Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), etxe batean. Arratsaldean egin zuten operazioa, baina iluntzean zabaldu zuen informazioa Espainiako Barne Ministerioak, atxiloketa gehiago egon zitezkeela aipatuz. Berri agentziek esandakoaren arabera, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea lirateke bi atxilotuak.
Goienetxea eta Retaz gain, ordea, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri etxe-jabeak ere atzeman ditu Poliziak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Baionako polizia etxera eraman dituzte, eta ziurrenik han izango dituzte 96 orduz. Ondoren, baliteke Parisera eramatea.
Zenbait hedabidek polizia iturriak aipatuz adierazi dute ez dutela armarik topatu etxean.
Polizia miaketa lanetan ari zen bitartean, operazioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek Ortzaizeko etxearen atarian. Antolatzaileek salatu dute segurtasun indarrek eraso egin dietela eta hiru pertsona erietxera eraman behar izan dituztela, eragindako zaurien ondorioz. Irulegi Irratiko Jojo Bidart kazetaria da zaurituetako bat. Bidartek berak azaldu duenez, lanera joana zen Ortzaizera, baina grabaketak egiten ari zela Poliziak gomazko pilota bat jaurti zion. "Lurrean zegoen pertsona bati leguntzera gerturatu naiz, eta lau metrora zegoen poliziak tiro egin dit. Oso bortiza izan da bizi izan duguna".
Jojo Bidart @euskalirratiak sareko kazetaria atxiloketen segipena egiten zuela zauritua 12.30tan entzun #Ortzaizepic.twitter.com/3Gv8LM78H7
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 8, 2015
Flashballs, matraquages, coups de pied: la contribution de la police et de la justice françaises au processus de paix pic.twitter.com/kl4Da3Hv2e
— Antton Curutcharry (@Acurutx) July 8, 2015
Operazio garrantzitsutzat jo du Barne Ministerioak. «Iturri antiterroristak» aipatuz, hainbat hedabidek ETAren «aparatu logistiko-militarrarekin» lotu zituzten bi atxilotuak. Jorge Fernandez Diaz barne ministroak eman ditu operazioaren xehetasunak. Hark azaldu duenez, "bi urte baino gehiagoko elkarlanaren" emaitza izan dira atxiloketak. Barne ministroak txalotu egin du operazioa eta nabarmendu "lanean" jarraituko dutela "ETA desegiten den arte".
Reta lehenago ere atxilotu izan dute, Askatasuna auziarekin lotuta. 2008an zigortu zuten, baina ez zen aurkeztu. Gara egunkarian egin zuen publiko klandestinitatera joko zuela, beste hainbat lagunekin batera. Goienetxea, berriz, ihes eginda zegoen.