Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eta 2an, lau gasteiztar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean: Koldo Moreno, Xabier Fernandez de Gamarra, Federico Lomas eta Aitor Juarez. 2007an atxilotu zituzten laurak, eta 2004, 2005 eta 2006koak dira leporatzen dizkieten delituak. Auzipetuek salatu dutenez, inkomunikazio aldian "torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta" epaituko dituzte. Orotara, 48 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak haien aurka.
Gasteizko Harresia egitasmoaren babesa jaso dute lau gasteiztarrek agerraldi baten bidez. "Inork ez luke epaitua izan behar inkomunikazio aldian polizia aurrean sinatutako adierazpenak oinarri", ohartarazi dute plataformakoek. Auzitegi Nazionalean ez dagoela prozedura justu baterako "inolako bermerik" azpimarratu dute, halaber. Auzipetuei babesa adieraziko die Gasteizko Harresiak datozen asteetan, eta hiritarrei dei egin die hilaren 29an, 19:00etan, manifestazio batean parte hartzeko —Gasteizko Artium museotik abiatuko da—. Bi egun geroago, auzipetuei elkartasuna ematera joango dira Madrilera.