Argitzeko dago Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzuleak nortzuk izan ziren. Hori ikertzeko eskatu zuten lau gazte epaitu zituzten atzo, Bilboko Probintzia Auzitegian, desordena publikoak egitea egotzita. Heriotzaren erantzuleak libre egotea eta justizia eskatzen dutenak akusatuen aulkian eseraraztea salatu zuten epaituek berek, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin. Iñigo Gogoan herri taldeko kideek ere justizia eskatu zuten, auzitegiaren aurrean, epaituei elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzean.
Atzo epaitutako gazteek justizia eskatu zuten Eusko Jaurlaritzaren Oroimenaren eta Bizikidetzaren Kongresuan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren hitzaldian. Cabacasen aurpegia zuten nikiak zeramatzaten. Atxilotu egin zituen Ertzaintzak orduan, eta epaitu egin zituzten atzo. Iñigo Gogoan herri taldeko kideek Aresen dimisioa eskatu zuten atzo ere, Auzitegiaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Iñaki Carro gazteen abokatuak esan du ez duela espero fiskalak haientzako zigorrik eskatzerik. Izan ere, argi dauka gazteek beren protesta egin zutenean ez zutela ordena publikoa nahasi. Hori argudiatzeko, gogora ekarri du konferentzia ez zela eten.
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotzia ere auzitegian izan zen, eta lau gazte horiek auzitara eramatea salatu zuen. Halako berriak «kezkaz eta lotsaturik» jasotzen dituztela nabarmendu zuen, eta azpimarratu zuen Cabacas hil zutenak epaitu behar direla, eta heriotza hori ekarri zuen Ertzaintzaren oldarra agindu zutenak ere bai. Ertzaintzaren pilokada baten ondorioz Cabacas hil zenetik hiru hilabete pasatu direla, gertaerak argitu gabe daude oraindik, salatu zuenez. Berandu ibiltzea aurpegiratu zion Aresi. Gainera,ohartarazi zuen Poliziaren ereduari buruzko hausnarketa bat beharrezkoa dela. Herrizango sailburuaren jarrera salatu zuen,Cabacasen familia eta abokatua «kriminalizatzeagatik».
Lau gazte epaitu dituzte Cabacasen heriotza argitzeko eskatzeagatik
Desordena publikoak egitea leporatuta epaitu dituzte Bilboko Auzitegian, Aresen dimisioa eskatzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu