Koldo Moreno, Xabier Fernandez de Gamarra, Federico Lomas eta Aitor Juarez epaituko dituzte datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segi gazte antolakundeko kide izatea, kale erasoak egitea eta desordena publikoak eragitea egotzita, guztira 48 urteko espetxe zigorra eskatu dute laurentzat.
Epaiketa horren kontra agertu eta lau auzipetuak torturatuak izan zirela salatzeko, agerraldi bat egin dute Gasteizen dozenaka lagunek; horien artean zeuden torturak jasan dituzten hainbat herritar. Salatu dute akusazioaren oinarria inkomunikazio aldian Espainiako Poliziaren aurrean sinaturiko adierazpenak direla: "Tortura bidez lortutako inkulpazioak, alegia, gero epailearen aurrean ukatuak".
Nabarmendu dutenez, "berdin dio ustezko zein delitu leporatzen zaion pertsona bati. Inork ez luke epaitua izan behar inkomunikazio aldian Poliziaren aurrean sinaturiko adierazpenak oinarri". Argudiatu dute ez dagoela "inongo bermerik" ziurtatzeko adierazpen horiek borondatez eginikoak direla.
Halaber, manifestazio bat antolatu dute datorren larunbaterako. Gasteizko Artium museotik abiatuko da martxa, 19:00etan.