Azken orduetan Ertzaintzak lau gizonezko atxilotu ditu Bizkaian emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, atzo gaueko hamaikak aldera 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Erandion, bikotekidea ez ezik, bien haurra jotzea egotzita. Kukularrako zubiaren ondoan istripua izandako furgoneta bat ikusi zuten; barruan emakumezko bat mutiko txiki batekin, eta kanpoan, mozkortuta zegoela ematen zuen gizon bat. Zer gertatu zen ikustera joan zirenean, istripua izan aurretik gizonak bera eta haurra jo egin zituela eta ibilgailutik jaistea eragotzi ziela agertu zien emakumeak ertzainei. Genero indarkeria eta bideko segurtasunaren kontrako delitua leporatuta atxilotu zuten.
Ordu beretsuan, baina Sopuertan, 29 urteko gizon bat atxilotu zuten. Hain zuzen ere, atzo gaueko hamaikak aldera Ertzaintzaren patruila bat Sopuertako etxe batera joan zen, ustez emakume bat tratu txarrak jasaten ari zirelako. Iristean, gizonezko bat etxetik presaka alde egiten ari zela ikusi zuten, eta haren atzetik joan ziren. Gizonak aurre egi zien ertzainei. Biktimarekin hitzegin eta erasoaren berri jaso ostean, atxilotu egin zuten.
Handik bi ordu eta erdi ingurura, goizaldeko ordubat eta erdiak aldera, 28 urteko beste gizonezko bat atxilotu dute, oraingoan, Bilboko Blas de Otero kalean. Bikotekidea kalean bertan jo duelakoan atzeman dute.
Goizeko bostak inguruan, berriz, 24 urteko mutil gazte bat atxilotu dute, Bilboko Moyua plazan. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren zaintzan lan egiten duten guardia zibilek Ertzaintzari jakinarazi diote "eztabaida liskartsua" izaten ari zen bikote bat atxikita zutela. Hara joan direnean, emakumezkoak masailean kolpe handia zuela ikusi dute, eta bikotekideak ukabilaz egin diola azaldu du. Halaber, lurrean arrasta ibili duela ostikoz jo duela agertu die, eta 24 urteko mutila atxilotu egin dute.
Emakumeen kontrako indarkeria
Lau gizon atxilotu dituzte Bizkaian beren bikotekideei eraso egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu