Igaro egunetan lau gizonezko atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita, hiru Bilbon eta bat Gasteizen. Azken atxiloketa atzo goizaldean gertatu zen; Gasteizko ertzain etxeko ertzainek 27 urteko gizon bat atxilotu zuten. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, ostikoka eta ukabilkadaka jo zuen andrea, eta gerriko bat ere erabili zuen bere aurka egiteko.
Dantzaleku batetik hots egin zien emakumeak ertzainei; aurretik bikotekidearekin han bertan egon zela azaldu zien, eta eztabaida handia izan zutela. Etxera joan zirenean gizona kolpeka oldartu zitzaiola azaldu zuen, eta segidan bortxaz hartu eta berriro ere dantzalekura joatera derrigortu zuela. Aditzera eman zuenez, orduan lortu zuen gizonaren albotik ihes egin, dantzalekuan sartu eta handik ertzainei hots egitea. Emakumezkoaren lekukotasuna jaso eta berehala atxilotu zuten ertzainek ustezko erasotzailea. Biktima, berriz, Santiago erietxera eraman behar izan zuten, bertan zauriak artatzeko.
Larunbatean eta igandean, berriz, Bilbon hiru gizon atxilotu zituzten ertzainek. Lehendabiziko atxiloketa larunbat goizean gertatu zen. 52 urteko gizon bat atxilotu zuten; emazteak salatu zuen jo egin zuela, eta ostiko bat ere eman ziola esku batean. Senarrarengandik eraso eta postura bortitzak gero eta maizago jasaten zituela azaldu zuen, gainera. Ertzainek esku bat ubeldua zuela ikusi zuten, ustez senarrak eman berri zion ostikoaren ondorioz. Etxean neska adingabe bat ere bazegoen, ustezko biktimaren alaba, eta ustezko erasotzailearen portaera bortitza ikusi zuela azaldu zien ertzainei. Berehala atxilotu zuten gizona.
Igande goizaldean izan zen hurrengo atxiloketa, kale gorrian. 44 urteko gizon bat atxilotu zuten. Telefono dei baten bidez jakin zuten bikotekideari oldartu egin zitzaiola gizonezko bat. Ustez erasoa jazo zen tokira heldu zirenean, gizonezko bat mutil gazte baten atzetik korrika ikusi zuten. Aurrerago jakin zuten mutil hura ustezko erasotzailearen semea zela eta hari ere oldartu egin zitzaiola; ustez ostiko bat eman zion bularraldean. Inguruan zenbait lekukok baieztatu zuten gizonaren portaera oldarkorra; aditzera eman zutenez, eztabaida baten ostean, andrea jo zuen lehendabizi eta semeari ostiko bat eman zion ondoren. Aurki atxilotu zuten ertzainek gizonezkoa.
Lurrera botata mehatxuka
Igande egunsentian jazo zen azken atxiloketa, Bilboko erdialdeko etxebizitza batean. 38 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekidearen kontrako bortxazko portaera egotzita. Lekuko baten deiaren bidez izan zuten ustezko erasoaren berri; hark aditzera eman zuenez, atea apurtuz etxera sartu eta oldartu egin zitzaion gizona bikotekideari. Besotik heldu eta lurrera bota zuela azaldu zuen, eta bitartean mehatxatu egin zuela.
Ertzainak erasoa jazo zen lekura heldu zirenean, biktimak berak berehala azaldu zien aurretik ere tratu txarrak sarri jasan izan zituela bikotekidearengandik. Begi bat ubelduta zeukala ikusi zuten, eta eraso baten aztarna zela kontatu zien emakumeak. Berehala atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Lau gizon atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita
Ustez bikotekidea gerriko bat erabiliz jo duen 27 urteko gizonezko bat hartu dute atxilo Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu