Foruzainek lau gizon atxilotu dituzte azken astean, genero indarkeria delituak egotzita. Lau atxiloketa horietatik bi asteartean egin zituzten, Sakanan eta Sarrigurenen. Sakanan atzemandako gizonari emazteari tratu txarrak ematea eta mehatxu egitea egozten diote. Biktimak salatu zuen ez zela eraso egiten zion lehen aldia eta, kasu honetan, seme-alabak aurrean zeudela egin zuela. 29 urte ditu, berriz, Sarrigurenen atxilotutako ustezko erasotzaileak. Biktimak berak aurkeztu zuen salaketa Foruzaingoan. Eztabaida izan eta, ustez, senarrak jo egin zion.
Emazteari mehatxu egin ziolakoan, berriz, 38 urteko atzeman zuten Foruzainek astelehenean Tafallan. Elkarren artean maiz izaten zituztela eztabaidak azaldu zien emakumeak Foruzainei, eta ohikoak zirela tratu txarrak. Tuteran, bestalde, 42 urteko gizon bat atxilotu zuten hilaren 8an, emaztearekiko zuen urruntze agindua apurtu eta tratu txarrak ematea leporatuta.
Bestalde, Irungo Udalak 43 urteko espetxe zigorra eskatuko du Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearentzat. Iazko maiatzaren 9an hil zuen Yasmin Rodriguez, ustez, bikotekide ohiak. Auto istripua eragin, eta labankadaz hil zuen Rodriguez Irungo etorbide batean. Handik igarotzen ari zen motorzale bat, Juan Pablo Rodriguez, laguntzen saiatu zen. Baina hura ere larri zauritu zuen sabelean.Udala herri akusazio gisa aurkeztu da auzian, eta Fiskaltzaren delitu berdinak egozten dizkio ustezko erasotzaileari.
Lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan, genero indarkeria delituak egotzita
Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearentzat 43 urteko espetxe zigorra eskatu du Irungo Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu