Lau gizon atxilotuak, bikotekideei eraso dietelakoan

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu, Bilbon, Durangon eta Barakaldon; udaltzainek, berriz, beste bat Bilbon

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Lau gizonezko atzeman dituzte Bizkaian, genero indarkeria leporatuta. Ertzainek eta udaltzainek herenegun eta atzo goizaldean egin zituzten lau atxiloketak, Bilbon, Durangon eta Barakaldon.

Bilbon, bi gizon atxilotu zituzten astearte arratsaldean. Udaltzaingoak 20 urteko gizon bat atzeman zuen; bikotekide ohiari kuter batekin eraso egitea egotzi diote ustezko erasotzaileari. Emakumearekin zihoan gizonezkoa Basurtuko ospitalean artatu behar izan zuten, labanarekin egin zizkion zaurien ondorioz. Ertzaintzak, berriz, 61 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, bikotekidea eta alaba jo zituelakoan. Alabak eman zion Ertzaintzari erasoaren berri; aita amari jotzen ari zitzaiola salatu zuen. Gainera, alabak kontatu zuen gurasoen artean jartzen saiatu zela eta orduan aitak bera ere jo zuela.

Durangon, 41 urteko gizonezko bat atzeman zuen Ertzaintzak astearte goizean, bikotekideari jotzea leporatuta. Emakumearen arabera, atxilotuak ostikoak eta muturrekoak eman zizkion, eta lurrera bota zuen. Jasotako kolpeen ondorioz, emakumeak zauriak ditu aurpegian, eta ubelduak gorputz osoan; hori dela eta, osasun laguntza jaso behar izan du.

Beste gizonezkoak, berriz,35 urte ditu, eta Barakaldon atxilotu zuten ertzainek, atzo goizaldean. Emaztea jotzea leporatu diote. Emakumearen arabera, eztabaida gogor bat izan zuten biek. Senarrak erratz makila batekin eraso zion, baina bainugelara ihes egitea lortu zuen andreak, eta senide bati laguntza eskatu zion telefonoz. Hark Ertzaintzari abisua eman, eta atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.