Tortura

Lau guardia zibilek ukatu dute Compains torturatu izana

Gaur goizean lau guardia zibilek ikertu gisa deklaratu dute, Iruñeko Auzitegian. Iruñeko auzi medikuak eta Compainsek emana dute deklarazioa, eta gaurkoarekin epaileak amaitutzat joko du instrukzio fasea.

Eneko Compains (ezkerretik hasita bigarrena), auzitegira sartu aurretik, berabi babes adierazteko egin duten elkarretaratzean. JOXERRA SENAR
2018ko maiatzaren 2a
07:04
Entzun

Eneko Compainsek torturak salatu zituenetik ia zortzi urte igaro direla, lehen aldiz eseri dira lau guardia zibil Iruñeko Auzitegiko aulkian ikertu gisa. Laurek ukatu dituzte haien aurkako salaketak, eta "ETAren estrategiaren baitan" kokatu dute Compainsen salaketa. Akusatuek uko egin diote Compainsen abokatuaren galderak erantzuteari, eta horren tokian adierazi dute "ETAk bultzatutako estrategia dela atxiloketetan torturatuak izan direla salatzea".

09:30ean hasi da saioa, eta, aurretik, elkarretaratzea egin dute auzitegiaren parean, tortura salatzeko, zigorgabetasunik ez dadila egon exijitzeko eta Compainsi babesa adierazteko.

Compainsek berak aitortu du ez zaiola erraza izango epaiketaren prozesua, baina beharrezko deritzo tortura salaketa epaitegietara eramateari, berea bezalako "infernua pasatu duten milaka euskal herritarrengatik". Justizia auzitegietan duen itxaropena "hutsaren hurrena" dela adierazi du, auzitegira sartu aurretik. Gogora ekarri du Sandra Barrenetxeak hura torturatu zuten guardia zibiletatik hiru identifikatu zituela, baina horrek ez zuela balio izan guardia zibil haiek zigortzeko.

Aldiz, torturaren aurkako borrokan, herritarren nahiz euskal erakundeen arteko elkarlanean sinesten du Compainsek. ETA desegitear den honetan, torturatuei ere gertatutakoaren aitorpena zor zaiela nabarmendu du. Halaber, "ardura hartzeko" galdegin die PPri, PSOEri eta EAJri, tortura ahalbidetzeko "estatu ituna" egon baita, haren esanetan. Nafarroako Gobernuari, berriz, dei egin dio Nafarroan izan diren tortura kasuak ikertzeko.

Compains 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste bederatzi lagunekin batera. Seik salatu zituzten torturak, baina Sandra Barrenetxearen kasua bakarrik iritsi zen epaitegietara. Orduan, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin zituen aulkian eseritako lau guardia zibilak.

Compainsen kasua artxibatu egin zuen Iruñeko lehen instrukzioko auzitegiak, "inongo diligentziarik ireki gabe", salatzailearen esanetan. Iazko maiatzaren hasieran, ordea, kasua berriz ikertzeko agindu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ikerketa "sakon eta eraginkorrik" egon ez zela arrazoituta. Izan ere, Konstituzionaleko epaimahaiaren ustez, konkordantzia dago salaketan azaldutako gertaeren, azterketa mediko-forentseko datuen eta deklarazioak eman ziren daten artean. Beraz, horiek ez lirateke bateraezinak izango tratu txarrekin edo torturekin. Gauzak horrela, Compainsi berari, auzi medikuari, ofiziozko abokatuari edo guardia zibilei deklarazioa hartu beharra azpimarratu zuen auzitegiak.

Hala, hilabeteotan, defentsak eskatutako frogak praktikatu dira auzitegian: Iruñeko auzi medikuak eta Compainsek, kasurako, emana dute deklarazioa, eta gauza bera egingo dute ikertutako guardia zibilek. Gaurkoarekin instrukzioa amaituko du epaileak.

Nazio Batuen Erakundeak onartutako Istanbulgo Protokoloa pasatu zuen Compainsek, duela hiru urte. Defentsak dokumentu gisa aurkeztu du.

Alderdiei deia

Nahiz eta Espainiako auzitegietan itxaropen gutxi azaldu, Compainsek azpimarratu du torturaren egia ezagutzeko bidean erabakigarri izango direla herritarrak. Hala, gogora ekarri du ETAk aurki bere desegitea iragarriko duela, eta horregatik "oso une politiko berezia" dela: egungoa. "Asko hitz egiten ari da egindako mina aitortzeko beharraz, eta nik aldarrikatu nahiko nuke torturatuoi ere zor zaigula gertatatutakoaren aitortza hori".

Alde horretatik, torturaren erantzukizunak hartzeko garaia heldu dela nabarmendu du Compainsek. Izan ere, bere kasuan, esaterako, salaketa lau guardia zibilen aurkakoa izan arren, argi du ez zutela motu propio jokatu. "Hemen milaka kasu egiaztatu badira, estatu hitzarmen bat egon da hori posible egiteko. Biltzen zituen alderdi nagusiak, epaileak, auzitegi medikuak eta, tamalez esan behar dut, komunikabide asko eta asko. Isiltasuna inposatu dute tortura kasuen inguruan". Zuzenean, PPri, PSOEri eta EAJri galdegin die erantzukizun hori bere gain hartzea.

Positibotzat jo du iaz Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostena, baina, haren ustez, ezin da tiradera batean geratu: "Esaten duena oso larria da, eta, ezinbestean, alderdi guztiei dei egiten die aitortzaren eta erreparazioaren bidean lan egitera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.