Lau hautagaien soslaiak

Jon Fernandez.
2013ko otsailaren 26a
11:54
Entzun

Pier Luigi Bersani: aldaketa lasaiaren filosofia

Moderatua eta politikari profesionala. Dohain politikoak izan daitezkeenak oztopo bihur daitezke Pier Luigi Bersanirentzat (Bettola, 1951). Aitzitik, hauteskunde kanpainan baino interes eta pasio handiagoa piztu zuen PDren primarioetan. Italiako iparraldeko familia katoliko batean jaio zen, komunista mugimenduan sartu zen gaztetan, sendiaren borondatearen kontra. Filosofiako doktore tesia, ordea, Gregorio I.a aita santuari buruz egin zuen. Ez du aipatu ere egiten iragan komunista, Berlusconik arma politikotzat baitarabil oraindik ere «badatoz komunistak!» mehatxua. 1980ko hamarkadatik aritu da politikan zentro- ezkerreko alderdietan, eta hiru aldiz izan da ministro.

Silvio Berlusconi: bufoia bueltan, ezkutu bila

Inoiz ez du bere burua garaitutzat ematen. 2011n bere sexu eskandaluek, auzi judizialek eta kudeaketa ekonomiko baldarrak amildegiaren ertzean jarri zuten Italia, karnata gosez zeuden merkatuek Erromara haginak zorroztuz begiratzen zuten bitartean. Laugarren agintalditik atzeko atetik eta arineketan atera behar izan zuen Milango dirudun honek. Hilotz politikotzat jo zuten orduan, baina 76 urte izan arren, telebistaren bidez herritarren arreta bereganatzeko gaitasuna bizi-bizi duela erakutsi du kanpainan. Berlusconik berebizikoa du boterea berreskuratzea bere burua babesteko kontra dituen lau auzietatik. Hauxe izan dezake agintera itzultzeko azken aukera.

Beppe Grillo: politikaren aurkako politikaria

Politikarei aurre egiteko, politikaren lasta desegiteko politika egitea erabaki zuen 2009an Beppe Grillok (Genoa, 1948), M5S mugimendua sortuta. Urteetan telebistan aritu, eta gero hor zentsuratu ostean, plazetan komiko gisa hartutako eskarmentua primeran erabili du klase politikoaz nazkatutako gizartea limurtzeko: antipolitikaren heroi bihurtu da urte gutxian. Populistatzat jo dute aurkari batzuek, antipolitikaren erregetzat. Hain zuzen, antipolitika izan zen duela hogei urte Berlusconik boterera iristeko erabilitako diskurtsoa, Tangentapoli ustelkeria eskandaluak demokristau eta sozialistak eraitsi ostean. Italiar askok gogoan dute 1994an Grillok botoa Berlusconiren alde eskatu zuela.

Mario Monti: Merkelen hautagaia

Hauteskundeetara aurkeztu barik Italiako Gobernuko gidaritza hartu zuenean, Erromako Zesar berria goitizena jarri zion Time aldizkariak. Agintaldiak hamahiru hilabete iraun dio Monti ekonomistari (1943, Varese). Denbora horretan guztian Alemaniak agindutako austeritate errezetak ezarri ditu Mario Montik, teknokrata deituraren aterkipean. Hamahiru hilabeteak eman ditu ez dela bozetara aurkeztuko zin egiten, baina Berlusconiren alderdiaren babesa galdu eta dimititu ostean bere hitza jan eta bozetara aurkeztu da, gerrikoa estutu dien herritarrei boto eske. Angela Merkelek ahorik zabaldu ez badu ere, haren itzala izan du atzean Montik kanpainan egindako agerraldi bakoitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.