Udan, batez beste, Bizkaiko eta Gipuzkoako 43 hondartzetatik hamarretan jaso behar izan dituzte fuelak zikindutako hondakinak egunero. Hala adierazi zuen atzo Josu Jon Imazek, hondamendia gestionatzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako Sailarteko eta Erakundearteko Batzordeko bozeramaileak.
Josu Jon Imazek udako balantzea egin zuen, eta, oro har, erakundeek abiarazitako ekimena txalotu zuen: «Batzordearen ustez, bainuzaleen jokabide zuzenak eta fuela bilatu eta garbitzeko jardunak normaltasuna eman diote azken urteetako uda berezienari. Era berean, bigarren mailan utzi dute fuel gogaikarria».
Bozeramailearen arabera, fuel kopuru handia heldu den bakoitzean, «berehala jakinarazi zaie bainuzaleei, eta zikindutako zonaldea garbitu dira». Hortaz, Imazen esanetan, «behar zen guztietan» gauzatu da ekintza-protokoloa.
Arrantzaleek 21.032 tona fuel jaso dituzte abendutik
Imazek datu ugari eman zituen. Adibidez, gogora ekarri zuen lurrean aritutako 200 langileen edo itsasoan aritutako 19 itsasontzien ekarria, kirol-itsasontziak ahaztu gabe. Era berean, hondartzetako 244 sorosleen nahiz Ertzaintzarena lana ere eskertu zuen.
Bilketaren zenbaki nagusiak honako hauek dira: arrantzaleek fuelak zikindutako 21.032 tona hondakin jaso dituzte abendutik hona; kirol-itsasontziek, berriz, 1.821 kilo; eta hondartzetan 2.823 tona hondakin bildu dira iazko urte amaieratik. Guztira, 4.530 litro garbikari eta 548 paper bobina erabili dira (bakoitza 570 metro luzekoa).
Gipuzkoa eta Bizkaian, aurreko asteazkenean bildu zuten hondakin gehien: 10 tona itsasoan, eta 30, berriz, hondartzetan. Ekaitzaren ondorioetako bat izan zen.
Gainera, fuela zela medio, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren aginduak betez, bandera gorri gehien jarri ziren eguna ere izan zen: Bizkaiko eta Gipuzkoako 43 hondartzetatik bederatzitan debekatu egin zuten bainatzea. Uda honetan, 3.956 aldiz jarri dute bandera gorria, eta horietatik ehun bakarrik izan dira fuelak eraginda.>
Imaz: «Garbiketa naturala egin dute haitzek»
Itsaslabarrak nahiz harkaitzak ahaztuta geratu ohi dira sarri askotan krisi honetan. Josu Jon Imazek atzoko agerraldian onartu zuen «etengabe» sufritu dutela uda osoan fuelaren kolpea. Hala eta guztiz ere, kostaldean izandako ekaitzek mesede egin dietela gaineratu zuen: «Garbiketa naturala eragin dute itsaslabarretan eta kostaldeko harkaitzetan. Horrek lehendik zegoen fuela atera egin du». Edozein modutan ere, Imazek aitortu zuen leku horietan «oso jardun berezia» egin beharko dela aurrerantzean, «erabat errekuperatuko badira». Batzordeko bozeramaileak iragarri zuen bost mila tona fuel noraezean dabiltzala Bizkaiko Golkoan.
Prestige-k eragindako kalte ekonomikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du egin hondamendiak eragindako kostu ekonomikoaren txostena. Hala ere, prest izango du irailaren amaierarako. Ekainaren 30era arte 40 milioi euro gastatu zituztela jakinarazi dute.
Lau hondartzatatik batek egunero jaso ditu fuel hondakinak udan
Bainuzaleen jokabideak eta garbiketak fuel «gogaikarriaren» arazoa bigarren mailan utzi dutela esan du Josu Jon Imazek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu